Gaztetxotan amaren lehengusu batekin pasatu zuen uda pare bat, lanean –laguntzen erraten zion berak–: hormigoi zakuak garraiatzen, masa prestatu eta botatzen, harriarteak garbitzen. Hurbiletik behatzen zien osabaren eskuei; harriari eta egurrari; maldari, angeluei; erremintei.
Ikasketak hautatzeko tenorea ailegatu zenean handitan zer izan nahi zuen galdetu zion aitak. Igeltseroa, erantzun zuen berak, duda anitzik egin gabe. Hori lan gogorra zela eta izanen zuela denbora geroago ere, gomendatu zion eskolako orientatzaileak: zientzietarako abilezia zuela, eta hautatzeko ingeniaritza bat, adibidez.
Bilbora joan zen ikastera. Igandeetan abiatzen zen eta ortziraletan itzuli. Asteburuetan ostatu batean hasi zen lanean, gastuak-eta ordaintzeko. Karrerak exijitzen zionez, etxean pasatzen zituen ordu libreetako anitz, ikasten. Bertze tarteak kirolean edo parrandan. Gustura zegoen ikasgaiekin, gehiago ikaskideekin, zer erranik ez hiriarekin.
Praktikak egiteko ordua ailegatu zitzaion. Enpresa handi batean hartu zuten, baldintza txarretan baina aukera posibleekin. Ostatuko lana utzi zuen. Errepideak eta zubiak nola diseinatzen zituzten ikasi zuen; karreran ez bezala, zenbaki errealekin. Lana eskaini zioten enpresan, eta inguru hartara joan zen bizitzera, denbora baterako.
Neska gazte bat ezagutu zuen, bere pisukide baten laguna. Asteburuetan ere han gelditzen hasi zen, inguruetako herrietako bestetara edo mendira joaten. Kuadrillakoak kexatu egiten zitzaizkion, tarteka; gurasoak ere bai. Amatxi zahar etxean zuten ordurako. Ardura postu bat eman zioten enpresan, erdi mailakoa –gustura zeuden berarekin–. Soldata igo zioten, eta konpromiso handiagoa eskatu. Lehen aldiz huts egin zituen herriko inauteriak, lan kontuengatik. Osabaren jubilazio bazkarira ere ezin izan zuen joan, ama hainbatetan tematu zitzaion arren. Telefonoz deitu zion hortik aste batzuetara –osabak–: kontatu zion gustura zebilela bizitza berriarekin, lehengusinaren etxea eraikitzen ari zela ordu libreetan. Igeltseroak falta dituk. Elkarrizketa ohi baino lehenago moztu zuen, lagun batzuekin afaltzeko gelditua zela argudiatuta. Neska lagunarekin maiz aipatu izan zuen: herrikoak beti zebiltzala kexaz, ostatuen eta komertzioen galeraz.
Seme bat izan zuten. Ekai jarri zioten izena. Amaren etxetik ekarri zizkion lego zaharrak, bisitan joandako aldi bakanetako batean. Bere eskuei begiratu zien umearekin jostetan ari zela. Aitaren ahotsa entzun zuen. Ez zuen galdera boz gora erran.