Otzantasunaz

Zirrara berezia eragiten didate droga trafikoaren aurkako sarekadei buruzko albisteek.

Adibidez, joan den maiatzean Berrian argitaratutako honek: «Guardia Zibilak dio ‘Europako speed laborategirik handiena’ aurkitu duela Euskal Herrian». Segitzen du kontatzen 800 kilo speed, 8 kilo MDMA eta 180.000 euro konfiskatu dituztela eskudirutan; zortzi gizonezko atxilotu, eta drogaren garraiorako kamioiak eta laborategi bat ere atzeman dituztela «Donostia kanpoaldeko bulego batzuetan». Uau. Ez zaizue pelikula baterako gidoi on bat iruditzen?

Erran gabe doa ez nagoela ekintza horiek egiten dituztenen alde –bidenabar erranik, Poliziaren kontra ere banago–, baina legeari hainbertze denboraz eta hain ongi iskin egin izanak lilura suerte bat sortzen dit barrenean (nahiz eta, bistan denez, izanen zuten hain justu Poliziaren laguntzarik haiek ere; baina…). Esplikatuko dizuet zergatik.

2024ko uda, Ipar Euskal Herria: hiru emakume goaz mendian aste bateko ibilbidea oinez eginez, eta lo zakua eta estera baino ez ditugu eramaten lotarako. Asmoa edozein estalpetan lo egitea da, herri ttipiak baititugu geldialdi, eta fitxatuak ditugu dagoeneko eliz atari eta pilotaleku irekiak. Espero nuen, adibidez, batek baino gehiagok galdetzea: «Eta ez dizue beldurrik ematen?». Baina bertze hau izan zen gehien errepikatu zigutena: «Legala da hori? Baimendua dago?».

Galderak bertze leku batera eraman ninduen: 2009ko uda, bertso udalekuak Gipuzkoako herri bateko auzo galdu batean (zehatz dezadan: nik 14 urte, eta txandako begiratu zaharrenak 17). Bertsolari gonbidatuak etorri dira, eta sagardoa zerbitzatu diete afarian. Inbidiaz, begiraleengana goaz gu, guretzat ere botilaren bat eskatzera. Desesperazio eta pena aurpegiz erantzuten digu batek: hartzeko, baina ez eskatzeko berriz. Alegia, gaztelerazko erran horrek dioen gisan, hobea dela barkamena eskatzea baimena baino.

Galdetuko duzue zer lotura klase dagoen droga trafikoaren, kanpoan lo egitearen eta 14 urterekin sagardo xorta bat nahi izatearen artean. Bada, iruditzen zaidala ez ote dugun batzuetan jokatzen otzanegi. Non eta legeak betidanik arrotz izan zaizkigun herrialde batean. Hertzainak dixit: «Haien legea guretzat apartheid, kartzela, ihesa, hauspena eta isiltzea». Edo Argiak eta Mbolo Moye Doole elkarteak ateratako kamiseta eta poltsek: Inor ez da ilegala. Bada, izan, bada; baina desobeditu egiten dio Irungo Harrera Sareak. Eta eskerrak.

Zeren eta erranen baitidazue nora ailegatuko garen karrikan lo egiteko ere baimena eskatzen hasi behar badugu. Hurrengoa arnasa hartzea izanen da? Eta, sakelako telefonoak, bitartean, edozein mementotan zelatari, gure informazio guzia doan irensten, legalki ez dakit, baina bereziki zilegi iruditzen ez zaizkidan modu batzuetan.

Ez dakit ulertu didazuen. Baina ez hasi, otoi, orain droga trafikoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun