Hamabortz minutu

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Ane Txoperena Iribarren 2024ko ots. 11a, 09:30

Lauburu xuri handi bat dute txanoan. Hobeki begiratu dut gero, eta beharbada bi dira. Bat handia, alde batean, eta bertze bat ttikiagoa, logoarena berarena: C-N-H hizkiak eta lauburua, kortxo-lerroz eginikoa litekeen X formako gurutze baten lau aldeetan.

Murgildu naiz, eta segidan aitzinatu nau umeen txano urdin-ilun bera duen emakume gazte batek. Oraindik pareta ukitu ez dudala berriz heldu da bueltan, tximeleta moduan, ia zipriztinik sortu gabe.

Oihuka ari dira kamiseta zurien gainean lauburu eta hizkidun logo bera duten bi gizonak. Haiekin ikasi nuen igerian. Agian ez zehazki haiekin –betaurrekoek lurrunduko zizkidaten aurpegien oroitzapenak–, baina dezibelioak eta hitzen ebakerak berberak dira: hein bat militarrak, hein bat erasokorrak nire tinpano taponatuetan. Buelta-bueltaka doaz, obediente, umeak, haientzako hartuak dituzten ezkerreko bi lerroetan, bixi. «Oso ondo» entzun diot kamiseta zuridun bati, euskaraz. Hurrengoan ingelesez agindu du: «Go! Go! Go!». Bertze guzia haien hizkuntzan.

Eskuinaldeko lerroetan igerilekuko langile bat ari da haur gazteagoei lehen igeriketa klaseak ematen, kortxozko txurro koloretsuek lagunduta. «Ukitu nire eskuak», erran dio emakumeak haurrari, irribarrez, harengana igeri egin dezan. Crawlean segitu dut nire lerroaren eskuineko ertz fiktizioan. Berriz aitzinatu nau lauburudun txanodunak. Aletak ditu orain.

Paretaren kontra pausatu dut bizkarra atseden hartzeko, eta nire baitara bildu nau ur eta solas harrabotsen oihartzunak. Goiti begiratzerakoan irribarrea atera zait: bestetakoen antzerako banderatxoak jarri dituzte igerilekuaren alde batetik bertzera zintzilik, luzeen perpendikularrean –salto noraino egin behar den zehazteko ote?–, urdin-zuri-gorriak.

Gibelean herriko bi gizon, aldagelak eta ur putzua banatzen dituen zilar koloreko barandan besoak jarrita, irakasleetako batekin solasean hasi dira; bainujantzi azpikoak elkartzen ditu. Belarria luzatu gabe asmatuko nukeen gazteleraz ari direla. Igel erara ekin diot orain. Azken hamabortz minutuak, eta etxera. Lesakatik Hendaiara joateko behar izaten dudan denbora, guti goiti beheiti. Bidegorritik ordubete inguru, mendiko bizikletaz. Igerian, ez dakit.

Azken lerroa arnasarik hartu gabe, eta presaka atera naiz, inork ez diezadan dutxako plazerik ken. Solas batzuk trukatu ditut aldagelan atzeman dudan ezagun batekin, harrerakoa agurtu dut, gero skate-parkeko umeen gurasoren bat.

Haien Facebooken sartu naiz etxera bidean, logoaren inizialak ongi asmatu ote ditudan ziurtatzera: Club de Natation Hendayais, lauburuaren azalpenik gabe. Bideo batean eskerrak ematen dizkiete Lézakáko Udalari. Etxeko atean gurutzatu dudan bizilagunak galdetu dit jende aunitz ote zegoen igerilekuan. Baietz erran diot. «Frantsesak etortzen ditun orain entrenatzera». Eta etxera sartu naiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun