Zu bezalakorik

Amets

Tematiegia izan naiz, pentsatu du. Ez nion idatzi behar azkeneko mezua. Baina aitzinetik ere ari zen esperoan, eta lagunek gomendatu zioten bertze bat idazteko. Hipotesiak zerrendatzeari uzteko ere erran diote –ez du deus jakin nahi, zerbait pasatu zaio, oporretan egonen da, bertze norbaitekin dago–, bere buruan daudela; baina hori ezin du saihestu. Whatsappeko elkarrizketako mezuak behin eta berriz errepasatzea ezta ere: emotikono zaharkituegia, harridura ikur sobera, hiru puntu horiek. Online ikusi du, berriz. Irakurketaren bi ikurrak ez dira urdindu.

Donostiako Aste Nagusiko gau hura berrikusi du. Ikatz kaleko ostatu batean ezagutu zuten elkar. Ezagutu-edo. Ez daki gauza handirik hari buruz: herria, zertan egiten duen lan, garagardo zaporea; eta halere. Edo beharbada horregatik. Hark eskatu zion: emateko telefono zenbakia. Hura hasi zitzaion solasean. Gelditzeko proposatu zion. Eta orain. Ez daki zer gertatu den.

Arroza pasatuko zaiola pentsatzen du anitzetan, nahiz eta ez dakien prestatu nahiko lukeen: ezetz uste du; baina beharbada horretarako aukerarik ere ez dio aitortzen bere buruari. Atera nahi ote duen galdetu dio lagun batek: kontzertu bat dagoela badakit zein herritan. Bilatu du baina ez du ikusi: ez daki musika mota hori gustatzen ote zaion. Mozkortu dira, eta aspaldiko ezagun bat hurbildu zaio. Solasean hasi dira; muxuka bukatu dute. Ez diote telefono zenbakirik eman elkarri.

Haize

Bere istorio bat ikusi du Instagramen. Goizeko ordu biak dira, eta ezin du loak hartu. Kamiseta zuria, galtza bakero motza: eder-ederra dago. Hurrengo istorioan Lur agertu zaio, bertze herri bateko bestetan. Eta bera etxean. Ez daki bietatik zein herri hautatuko lukeen.

Gaua Hodeirekin pasatu du berriz. Hiruretan ailegatu da, hiru mezu truke sinpleren ondotik. Erne zaude? Gustura egon naiz, erran dio goizean. Berak ez du asmatu Ametsena kontatzen. Bere burua desenkusatu du arrazoituaz oraindik ez dutela adostu zerbait ote diren. Eta bertzea ez dela deus izan, ere bai. Ez deus serioa behinik behin.

Alde egin duenean telefonoa hartu eta mezuak irakurri ditu notifikazioen leihotik: aitarenak, Ametsenak eta kuadrillakoenak. Aitari zuzenean deitu dio, elkarrekin bazkaltzeko, eta kafera kuadrillakoengana atera da. Ametsi gero idatziko diola erabaki du. Pentsatuko du zer. Gogotsu dago berarekin gelditzeko.

Terrazara ailegatu denerako borobilean zeuden lagunak. Arairi adarra jotzen ari dira. Haizeri ez zaio gustatzen elkarrizketaren haria galdu duen inor galdezka hastea, eta isilik arrantzatu ditu sare muturrak. Ekai ere berandu ailegatu da, baina bera ez da lotsatu. Kamiseta zurikoarekin? Ostatuaren barnealdetik udako aurtengo kantuetako bat aditu da, Ekairen zigarroaren keak lausotu duena: «Ez dago ni bezalakorik», dio gazteleraz. Gero ere ez dio erantzunen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun