Egiari zor: goizeko seiak aldera etxeko sukaldean kafesneari koilaraz bueltaka zegoenerako jartzen zitzaion irudimena martxan. Nor etorriko ote zen egun hartan, nor sumatuko ote zuen faltan. Emazteak goizaldeko nekeari egotziko zion puntu batera finkoegi so egotearen zinezko isiltasunik eza.
Lepoak, Irungo lainoak eta autobideko erreien arteko burniek ahalbidetzen zioten angeluaren arabera hasten zen lehendabiziko asmaketa, artean errepidea ilun zegoela: autoaren marka eta kolorea; matrikula; ordainlekura sartzeko abiadura; dudarik egin ote duen Eskuz ala Automatikoa hautatu; aitzineregi doan, ia barraraino hurbilduta, ala ez. Lehen galbahea, errazena: turista edo bertakoa; ohikoa edo noizbehinkakoa. Segundo gutiren buruan egin behar izaten zuen zirt edo zart: honi «Egun on» erranen diot, bertze honi «Buenos días», tiketa nahiko du ala ez. «Eskerrik asko, agur». Eta, asmatuz gero, satisfazioa.
Hortik aitzinerakoak ziren konplikatuagoak: hots, interesgarrienak. Batzuk errazak ziren: adibidez, goizean 07:10 puntu-puntuan furgoneta zuri bat, enpresaren errotulu eta guzi, 50 urte bueltako bi gizon urdinez jantzita, trikitixa ala rantxerak kasete –bai, kasete– entzungailuan. Horiek hamar segundora arte ere egoten ziren inor gibelean ez bazuten: eguraldiari buruzko iruzkinak, gaur ere hemen, igogailuko ala mekanikoareneko elkarrizketak. Herri ttipi bateko obrako langileak nahitaez.
10:00ak aldeko emakumearekin zalantza gehiago izaten zuen. Hipotesia nagusia: 35 bat urte, pare bat ume, eskolan utzi ondotik doa lanera, baina zein lanetan hasten da hain berandu bat: beharbada arropa saltzailea? Ez: ez zuen bat egiten haren estetikarekin. Eta tarte ttipia: bortz segundo gehienez ere; kreditu txartela beti prest ordaintzeko, Caja Laboral, agur errespetuzkoa, enfasirik gabea, geza.
Zailena hark X gizona deitzen ziona zen. Frantziako matrikula, atorra iluna ongi plantxatua, ordu ezberdinetan gehienetan, automatikoa ala eskuzkoa egunaren (ala eguraldiaren?) arabera, batzuetan jator, bertzeetan hitzik ez. Lau aukera: klandestino ohia (bi aldeetakoa), polizia, enpresaria ala dirudun putazalea (konbinazio posible guziekin).
Ez zuen espero nork eta haren kontratatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiak kenduko ziola karamelua: Gipuzkoatik kanpoko erabiltzaileei ere, beherapena. Denbora kontua baino ez zen izan parabrisen gainaldeetan gailutxoak ikustea. Herri ttipiko langileek ez zuten agurtu. 35 bat urteko emakumeari kosta egin zitzaion aldaketara ohitzea, baina azkenean joan egin zen. Eta, azkenean, horrela, denak. Errieta botatzeko pazientziaz joaten da orain lanpostura. Asma dezake marokoarra, Herbehereetakoa, alemana. Ia inoiz ez berberak. Kosta egiten zaio ernatzea.