Aitormena

Jaiotzearen sua loteria hutsa zela kantatu nuen joan den ekainaren 5ean Bortzirietako bertso eskolak antolaturiko bertso jarrien egun xoragarrian. Ez nintzen ari naizena sortuko zuten espermatozoide eta obulu zehatz horiek ernaltzearen kasualitateaz. Euskal Herriko familia zuri diruaski batean jaio izanaren zorteaz ari nintzen. Kongoko Errepublika Demokratikoan (adibidez) jaio izanarekin alderatuta. Pribilegio ausazko horretaz. 

Arratsalde horretan bertan Erika Lagoma Pombar eta Estitxu Fernandez Maritxalar herrikideak aditzeko poza izan genuen Lesakako Xulufrinen sareak antolatutako solasaldian. Lagomak zioen amari gehiago begiratzea ekarri diola amatasunari buruzko M ama* eme* ume* liburua idazteak. Eta ohartu nintzen akaso nik eta inguruko aunitzek ere ez diogula anitzetan aitortu izan amari –eta aitari, edo zaindu gaituen dena delako horri– gauden lekura ailegatzeko baldintzak eta aukera (eta laguntza) eman izana –baldin eta hala izan bada, bistan da–.

Familia, herri, hizkuntza batera jaiotzen gara gu geu ia horretaz ohartu gabe. Hendaiatik etorritakoan ohartu nintzen, adibidez: ume lesakarrek erabat normaltzat dute euskaraz jaio, hazi, jostatu eta bizitzea. Guri bitxi begiratzen ziguten ume normal frantsesek, gure herrian horretarako aukerarik ez eta borzgarren mailatik harat euskaraz ikasten segitzeko autobusa hartzeko geltokian euripean esperatzen genuen bitartean.

Horrelakoetan eskertzen dut –beharbada aski eskerrik eman gabe–, adibidez, gurasoek euskaraz murgiltzeko aukera eman zigun ikastola batean izena eman izana. Bertzela ez nintzateke, hain segur, bertsolaria izanen. Euskaraz idazten ere nekez arituko nintzateke hemen; edo bai, baina ene baitarik ateratako ahalegin ikaragarri baten ondotik, AEKn hamaika ordu pasatuta… eta halere. Saioa Alkaiza Nafarroako bertsolari txapeldunak aitortza ederra egin zien txapel eskaintzan gurasoei: Besarkada bat langile auzoetako aldera/ erdaldunen seme-alabok han ikasi dugu euskera. Baina ez ote dugun ohikoago joera jaso dugunaz kexatzea: Hertzainak taldearen Hil ezazu aita famatu hori. Baita guraso politikoekin ere.

Eskertzen eta baloratzen ote diegun aitzineko emakumeei, adibidez, deskuiduan haurdun geldituz gero abortatzera joateko aukera izatea. Edo ezkondu ondotik ere fabrikan lanean segitu izana. Noizbait –duela ez horrenbertze–, ostatuetara joaten hasi izana. Gazte ero batzuei, berriz, frankismoaren ilunean ikurrinak klandestinoki aireratzea –eta hemen aipatu ezin ditudan gauza gehiago–. Euskaldunon Egunkariko lankide torturatuei BERRIA sortu izana. Luzia Goñiri oholtzara atera izana, Estitxu Arozenari segitzea, eta segitu araztea. Josefina Lambertori memoriaren duintasunari eustea.

Oroimena laburra dugu batzuetan, tamalez. Edo, agian, ez dira horretarako garai onenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun