Ur azalera

Duela berrogei urte atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Joxe Arregi Zizurkilgo herritarra. Otsailaren 4 batez atzeman, eta ia hamar egunez eduki zuten Madrilgo Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan inkomunikatua. Ergo, torturatua. Hil eta gutira Juan Kruz Unzurrunzagak eta Bixente Ameztoik atera zizkioten argazkiak euskal herritar anitzen memoria kolektiboan gelditu dira gaurdaino: oin zolak haragi bizitan, eta gorputz osoko azala beltz, ubel; erreta, kolpatua.

Argazkiek baieztatu baino ez zuten egin Arregik berak hil aitzineko orduetan Carabanchelgo ospitalean zituen kideei adierazi ziena: «Oso latza izan da». 1981eko otsailaren 13an hil zen, autopsiaren arabera, bronkopneumoniak jota. Santi Brouard medikuak adierazi zuen bainuontziak baino ezin izan ziola eragin. Torturak, alegia.

Joxe Arregiren oroimenez antolatzen da ordutik Torturaren Aurkako Eguna Euskal Herrian, otsailaren 13an; tamalez, Arregiren azal errearen argazkiek ez baitzuten Espainiak urteetan izan duen zapalkuntza formarik ankerrena eten. Urte guti batzuk geroagoa atera zen Mikel Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaiko ur azalera, duela 36 urte, eta Paco Etxeberria auzitegi medikuak zaindutako bigarren autopsiak ederki aski erakutsi zuenez, ez zen bertsio ofizialak zioen gisan Endarlatsan itota hil, Intxaurrondoko kuartelean baizik; berriz ere, bainuontziaren ondorioz. Horrela erantzun zion Guardia Zibilak Zabalzaren amari Intxaurrondoko kuartelera semeaz galdetzera joan zenean: «Zoaz objektu galduen bulegora». 2021a da, eta familiak oraindik ez du gertaturikoari buruzko ikerketa ofizialik ez aitortzarik jaso.  

«Torturak epe luzerako markak uzten ditu pairatu behar izan dutenengan»

Bizirik iraun dutenek ere badute zer sufritua euren larruazaletan, torturak epe luzerako markak uzten baititu pairatu behar izan dutenengan, TTIPI-TTAPAk berak joan den urrian argitaraturiko erreportajeak erakutsi zuen gisan. Eta anitz ditugu inguruan: eskualdean, zehazki, egiaztaturiko 90 kasu. Mattin Sarasola eta Igor Portu lesakarrak torturapean egindako deklarazioen ondorioz daude kartzelan. Estrasburgoko auzitegiak Espainia zigortu zuen 2018an, biei «tratu anker eta iraingarria» emateagatik; eta zer egin du Espainiak? Zigorturiko Guardia Zibilak absolbitu.

Aldi bakarra balitz… Baina Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren hamaika kondena ditu pilatuak Espainiak: azkena, Aztnugal kasuko hirugarrena, Iñigo Gonzalez Etayo barañaindarrari dagokiona. Estrasburgok hiru aldiz zigortu du Espainia polizia operazio horretan atxiloturikoen torturak aski ez ikertzeagatik. Eta argi dio epaiak: «Ikerketa ofizialik ezean, torturaren legezko debekua ez litzateke eraginkorra praktikan, eta posible litzateke kasu batzuetan estatuko agenteek euren kontrolpean dituztenen eskubideei burla egitea, ia erabateko zigorgabetasunaz baliatuta». Fernando Grande Marlaska zen gazte horien atxiloketak agindu zituen epailea. Eta non dago orain? Espainiako Barne ministroa da.

Tortura salaketarik ez dugu entzun azken hamar urteotan, eta eskerrak. Baina ezerk ez du segurtatzen berriro gertatuko ez denik, tortura sostengatzen duen sistemak bere horretan baitirau. Horregatik atera behar dugu behingoz egia, ur azalera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun