Uda

Bestatik bestara antolatzen genuen udako egutegia; orduan, gazte izan eta gaua eguerdira arte luzatzea normala zen garai horietan. Orduan, maskara bat, izatekotan, inauterietako mozorroa baino ez zenean. Besarkadak eta musuak begiradaz zigortzen ez zirenean. 

Orduan, Iruritako bestekin berotzen genituen motorrak, San Juan bezperarekin eta Doneztebeko bestekin egiten genien ongietorria eguraldi onari eta gau motzei, San Fermin aitzineko egunek ematen zuten besta-gogo-urduritasunaren neurria —deskribatzen zaila den presanfermin hori—; segitzen zieten Baztandarren Biltzarrak, Elizondoko bestek, Berakoek; eta, abuztuaren erdialdearekin batera, gure zain ziren Leitzako eta Goizuetako gaupasa amaigabeak: txosnak, betizuak, gosariak, erreka eta igerilekuetan bustitako bestondoak. Gero Arantza Rock. Eta Artikutza. Igantzi. Eta gaixoa ni. Heldu den udara arte. Udazkeneko haizegoak ematen duen nostalgiaz. Baina kontent. 

Aurtengoa bitxia izan da: ez-bestak nonahi, erdibideko planak, eta besta saiakera frustratuak —edo «deus baino hobçe optimistak—. Ez gara joan ondoko herrietako ez-bestetara, egin dugu ahalik eta neurritsuena, eta, hala ere, gu jarri gaituzte jopuntuan, nonahi: gazteak, bestazaleak, ustez arduragabe jokatzen dugunak. Bai? 

Halakoak behin eta berriz errepikatzen dituztenei ahantzi egiten zaie behinola gazte izan zirela; behinola egun bateko —edo biko— gaupasaz antolatu zutela udako egutegia. Lanera joan zirela noizbait bestondoz edo ia lorik egin gabe. Edozeinherrikojaixetan izan zirela zoriontsu. Akaso orduan atzeman zutela, barra garagardotu baten ertzean edo plazako dantzaldi izerdituan gaur egun euren umeen bertze gurasoa den hori. 

Baina memoria laburra dugu gizakiok; laburregia. Eta deabrutu egin gaituzte gazteak, bestazaleak, ustez arduragabe jokatzen dugunak; behinola gazte, bestazale, ustez arduragabe izan zirenek. Bai? Agian bai. Baina zer eginen lukete eurek, gure azalean? Are, —eta euren gogoaren kontra— oraindik gurasoen etxean bizi balira? Are, ez balute udarako lanik atzeman ere egin izan? 

Agian bai, agian egia da koronabirusari karga kendu (eta kentzen) diogula, gazte izateagatik. Ez diogula beldurrik heriotzari, urrun sumatzen dugulako (gurea). Baina ez da hori bakarrik. Kontua da besta ez dela (kale) zurrut hutsa; alkoholaren eta drogaren zurrunbiloa baino haratago doala gure udako egutegiaren antolaketa. Herriko bestak baitira, bertzeak bertze, (kuadrillatik kanpo) sozializatzea, jende berria ezagutzea. Edo sakonago harremanak izatea betikoekin, jostetan aritzea. Herri egitea, eta herritik at egitea. Eta, aurten, ezin izan dugula egin. 

Mendiak badu bere xarma, baina... Ea heldu den urtean... 

«Mendiak badu xarma baina... ea datorren urtean...»

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun