Bihurguneen izenak

Hamar bat urte nituela istripua izan genuen N121A errepidean. Kamioi bati olioa isuri zitzaiola-eta kontrola galdu zuen familiako bortzok eramaten gintuen autoak, eta mendiaren aurka jo genuen, zuzen. Autoak, orduan, buelta osoa eman zuen, eta segurtasun uhaletatik zintzilik gelditu ginen buruz beheiti, panpinen gisara, errepidearen erdian.

Zorionez —edo beharbada mirariz erran beharko nuke—, gutako inori ez zitzaion deus gertatu: gerrikoak askatu, gibeleko leihoetatik atera eta susto ederra eta kristal puska batzuk baino ez zitzaizkigun gelditu azalean. Zoritxarrez, ordea, kilometro batzuk aitzinerago bertze istripu bat gertatu zen. Eta ez zuten denek zorte bera izan: hainbat lagun zauritu eta Lesakako gazte bat hil zen kolpearen ondorioz.  
Ordutik haren izena paratua diot haien istripua gertatu zeneko bihurguneari, eta tentsioz kontzen dut bolantea hortik pasatzen naizen aldiro —hots, egunero— : seinaleek eskatzen dutena baino anitzez mantsoago noa, badaezpada; eta bihotza estu.
Ordutik hobetu eta zabaldu dute errepidea, baina egoera ez da horrenbertze aldatu: bertze bihurgune batzuek ere badituzte orain nigan izenak; Igantziko neska gazte batena, adibidez, batek, duela sei urtez geroztik. Eta, azken hilabeteotan, Igantziko eta Arantzako gazteenak ere gutako anitzen gogoan iltzatuak egonen dira errepidera ateratzen garen aldiro.

«Arazoari ikuspegi zabalago batetik begiratu beharko genioke»

Halako tragediak gertatzen diren bakoitzeko ateratzen da gure eskualdea prentsan —inauteri edo bertzerengatik ez bada, kasu guti egiten digutelakoan nago—, eta errepikatu egiten dira errepidearen egoerari eta kamioiei buruzko kexuak. Ados nago. Baina nago ez ote diogun ikuspegi mugatuegiz begiratzen beti gaiari. Bihurguneek hainbertze izen ez bailituzkete izanen, bai, kamioi gutiago ibiliko balira, edo errepidea hobea balitz. Baina guk egunero segituko genuke bihurgune horietan barrena. Istripu horiek gertatzen baitira, bertzeak bertze  —eta baita ere—, eskualde honetako gazte eta herritarrek ez baitugu autoa hartzea bertze erremediorik. Garraio publikoa hutsaren hurrengoa delako gure herri ttiki zein handiagoetan: hagitz maiztasun eta lotura gutikoa, eta, beraz, batere ez praktikoa lanera edota ikastera joateko. Bertze erremediorik ez dugu, eskualdean lan egiten eta ikasten gelditzeko aukerak ere hagitz urriak ditugulako: zenbat gazte gaude eskualdetik kanpora lanean edo ikasten?
Nago, beraz —eta errepidearen egoerari eta trafikoari duten larritasunik kendu gabe—, ez ote geniokeen arazoari ikuspegi zabalago batetik begiratu beharko. Iruñean ez dezaten gure berri izan heriotza lazgarri bat gertatzen denean bakarrik; eta, are, bihurguneek ez dezaten gehiago gure herritarren izenik izan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun