Gazteak

Klaseko lan bat egiteko Lesakako erroldaren zenbakiak  behar nituen, eta udaletxera jo dut informazio bila. Bortz urteko tartetan banaturik, adin bakoitzeko zenbat lesakar gauden eman didate taula batean; eta informazio hagitz interesgarria harrapatu dut. Izan ere, banituen hainbat uste: gazteei buruz jendeak maiz erraten dituen esaldiak ez direla beti zuzenak. Erraterako, gazteak ez garela ateratzen; edota lehengo gazteek baino gauza gutiago egiten ditugula. Banuen susmo bat: gizarteko joerek eta gazteen pasibotasunak bakarrik ez, demografiak ere eragina zuela. Eta datuek berretsi egin didate ustea.


Herrian erroldatuak gauden gazte kopuruari paratu diot arreta, eta segidan atera zaizkit emaitzak. Gazte izatea zer den adinak bakarrik mugatzen ez duen arren, 16 urtetik 30erako tarteari erreparatuz gero, hona hemen zenbakia: Lesakako biztanleria 2.752 lagunekoa izanik, 16tik 30 urtera artean gaudenak 364 baino ez gara. Alegia, herriko biztanleriaren %13,2 baino ez.

Datua argigarriagoa suertatzen da bertze adin multzoekin alderatuz gero. Zaharrei begiratuta, adibidez, 66 urtetik aitzinerako herritarrak gazteak baino gehiago dira: biztanleriaren %21a, zehazki.
Are argigarriagoa da 80. eta 90.eko hamarkadetan gazte izan zirenen kopuruari begiratzea. Alegia, gaur egun 41 urtetik 55era dituzten herritarrak biztanleria guziaren laurdena dira: %25,2. Heldu gisa izendatuko genituzkeenek, berriz,  alegia, ez gazte, ez haur, ez zahar ez direnek biztanleriaren ia erdia hartzen dute: hain zuzen, 31tik 65 urtera dituzten 1.372 lagun bizi dira Lesakan, alegia, biztanleriaren %49,8. Haurrak ere gu baino gehiago dira: 0tik 15 urtera, biztanleriaren %15,3. Gazteak gaude, beraz, proportziorik ttikienean.
Orain honi gehitu erroldaren gibelean gordetzen diren bertze zenbait datu: berez Lesakan erroldatuak gauden zenbat gazte bizi gara herrian astean zehar? Ikasketengatik edo lanagatik, zenbat joaten gara Iruñera, Donostiara, Gasteizera, Bilbora edo Euskal Herritik kanpora? Eta, beraz, zenbat gazte gelditzen gara herrian, hemen borrokak edo bertzelako aktibitateak aitzinera atera ahal izateko?

Hasieran erran bezala, ez dut uste hau denik gazteak ez mugitzearen arrazoi bakarra. Baina datuak lagun, esaldi paternalista eta kexatiak bota aitzin, beharbada bi aldiz pentsatu beharko genuke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun