Ordurako jada Lesakan barrena lagunekin-eta ibiltzen hasia nintzen arren, orduan ez nekien nor ziren gerora argazki, pegatina eta pankartetan ikusiko nituen Igor, Mattin, Ioseba eta Mikel. 13 urte nituen orduan, eta kontzientzia politikorik nuenik ere ez dakit: zaplazteko hark ekarriko ninduen, agian, errealitatera. Gerora kontaturikoei esker jakinen genuen anitzez zabalagoa zela titularren gibelean ezkutatzen zena. Herritar anitzek oroituko duten bezala, Guardia Zibilek itxia eduki zutela herriaren parte bat, ustez miaketak egiteko, edota herria bera beldurtuta eta isil edukitzeko. Jakinen genuen, baita ere, Igor ez ezik Mattin ere eduki zutela bortz egunez inkomunikatuta, eta hark ez zuela ospitalera joateko moduko kolpe zakarrik jasotzeko “zorterik” izan.
Hamar urte pasatu dira ordutik. Aise erraten da: hamar urte. Batzuentzat haize bolada bat bailitzan pasatu izanen dira urteak, errutinaren egunerokoan sartuta. Bertze batzuentzat, ordea, luze: Hamar urte kartzelan… kantuak dioen bezala. Hamar urtetan Lesakan eta Euskal Herrian oro har gauzak anitz aldatu baitira. Horregatik da horren garrantzitsua ordutik horrenbertze denbora pasatu denean ere gure herritarrak oroitzea, eta ezagutzeko aukerarik izan ez dugunok ere bertze modu batera haiekin harremanak egitea: izan gutun, bisita edo bertzelakoen bidez. Urteurrena oroitzeko prestatu duten leloak dioen bezala, herritik ehunka kilometrora egonda ere, bihotzetatik gertu egon daitezen.