Egia erran, berandu hasi nintzen mendizale izaten, eta oraindik ere, mendigoizale izatea kostatzen zait. Azkenaldian, bereziki, geroz eta gehiago. Geroz eta gehiago ikusten dut hirietako produktibitatea mendian zuzenki plasmatua. Badirudi ezin dugula lurrarekin dugun loturaz gozatu eskumuturreko ordenagailu ttikiari sorik egin gabe, kilometro kopurua inportanteagoa bailitzan gorputzeko nekea baino. Bidea ere atzendu egiten dugu trackik ez badugu gidatzeko. Zenbat eta minutu guttiagotan egin distantzia handiagoa, hobekiago. Desnibel positiboak markatzen ditu pultsazioak, eta negatiboak, berriz, hurrengo eguneko izterretako ondoreak. Baina beti, zenbat eta gehiago izan, hobekiago. Batzuek akaso erranen dute entrenamendua «kontrolatzeko» egiten dituztela neurketa horiek. Jakin nahiko nuke osasun neurketak zenbatek egiten dituzten, hori bada neurtu nahi dena.
Eta ezin aipatu gabe utzi gorputza. Errandako guziaren makina erreproduktiboa. Osasunaren izenean horrenbertze egurtzen dena. Gorputz normatiboa osasunaren izenean. Zeinen aise kamuflatzen diren kontzeptuak. Osasun mentalaz solas eginen bagenu… zeren neurketak ez dira norbere kalkuluetara mugatzen. Sare sozialak dira bertze helburuetako bat. Strava gisako errendimendura bideratutako sareetan partekatzea ez ezik, lortutako emaitzen laburpenak Instagramera igotzea ere bada xedea. Hori azpimarratu nahiko nuke: utzi Instagramera egin duzuen ariketaren laburpena igotzeari, faborez eta arren. Harro bazaudete egin duzuenarekin, hausnarketa ttiki bat egin zuen harrotasunaren nolakotasunaren inguruan, eta ondotik, zuen sentsazioekin partekatu, baina ez zaigu inporta lau minutuz kilometroa egin izana. Stravak merkatuaren industria segituz emaitza indibidualak ditu jomuga. Sare sozialetan emaitzak goratzeak ez du kirolarien arteko saretzerik sustatzen, are kontrakoa, aldendu egiten ditu.
Herri ttikienenetako lasterketetako dortsalak egun eskasetan akabatzen dira. 300 pertsona inguru pasatzen dira lur eremu beretik, eta ez era amultsuan bereziki. Hamaika gel-plastiko hartzen ditu lurrak (super osasuntsuak diren horiek, noski) eta lurreko bizidunek. Gure lurretan ez dugu makroproiekturik nahi, baina finean gu ere hala bihurtuko gara.
Hasieran aipatutako momentu hartan, mendiaren zaletasuna ihesbidetik lortu nuela erranen nuke. Azkartasunetik, errutinatik, bukletik, itxitasunetik (fisikoki eta mentalki), burrunbatik eta jendearengandik eskapu. Baina momentu batean niri ere zentzu horiek lausotu zitzaizkidan. Akaso horregatik diot hau guzia. Larrutan bizi izanak eman dit zer hausnartua. Ez da gure kulpa, baina ardura guk ere badugu hein ttipi batean bada ere. Berradiskidetu dezagun gorputza mendiarekin. Lasterketa ez dadin izan helburu bat eta bakarra.