Besarkada batekin salutatzen nau besarkadak erraz ematen ez dituen lagunak. Adio erran eta bortz minutura topo egin arren, berriz besarkatzen nau besarkazalea den adiskideak. Lotsatia denak begiekin besarkatzen nau irri ttiki batez lagunduta. Laneko saio bat akabatu eta besarkadaz eskertzen dit beregatik egindakoa erabiltzaile batek. Egun txarra izan eta emateko gutti duen kideak, beso bakarrarekin bada ere, besarkatu egiten nau.
Eta horrela murgiltzen naiz besarkada batean egunero, horiek guztien beharra dudala konturatzeraino. Behin erran zidaten besarkada bat baliozkoa izan zedin zortzi segundokoa behar zuela guttienez. Bi pertsonen energiak erregulatzeko edo, indarrak pasatu zitezen. Nik gaur erranen dut baietz, besarkada luze horiek elkar lotzen gaituztela eta baita aunitzetan indarberritu ere, baina besarkada hutsalena ere badela zerbait. Barrenean zerbait pizteko gai den keinu bat edo bertze. Hotzago edo beroago, bi besoen artean korapilatuta.
Indibidualetik kolektibo bihurtzeraino. Intimitatetik ere politika egiteko gai gara gorputzen hizkuntzaren indarrean. Zeren eta, elkar besarkatzen dugula erranagatik, beti egonen da handiagoa den gorputz bat ttikiagoa den hori besarkatzen. Handiena adinez, indar fisikoz, botere sozialez, bateria sozialez, goxotasunez, emankortasunez… nagusitzen den hori izan daitekeelarik. Gorpuzkeratik kanpo, ikusgarri dagoen iruditik at. Ttikiak badu zaurgarri egoteko leku bat. Gelditzeko espazioa sortzen da besarkada batean. Hauskor dagoena hein batean sendotu eta indarrean dagoena xamurtu egiten da. Akaso, batzuetan erabat hausteraino heldu daiteke bat, baina beso artean du egoteko eta izateko aukera hori.
Azkenaldian buelta aunitz eman dizkiot honi, baina ez naiz hitz lodietan sartzeko gai izan. Zaila egin zait intimoa den zerbait sozialki nolakoa den bistaratzea, kolektiboan nola islatzen den ikustea, dikotomiatik kanpo zerbait egon daitekeela imajinatzea. Erranen nuke badela zer ateri oraindik, beharbada gizakitik atera behar dena gizartetik ulertu ahal izateko.
Bitartean saretik, elkarlanetik, herritik, naturatik, musikatik, zalantzatik, errutik, zoramenetik, malkoetatik, lurretik, akatsetatik, irritik… segi nazazue besarkatzen.
Eskerrak besarkatzen nauzuen.