Motxil-ero

Azkenengo hilabeteetan etxetik ohi baino urrutiago izan naiz

Abuztua hotza izan zitekeenik uste ez nuenean, manta lodiaren eta sutondoaren falta izan nituen maiz. Hilabete hartan egin genuen bidaia azkar batean, hotza hezurretaraino sartu zitzaidan bertako pobreziarekin batera. Egun gutitan leku aunitz ikustea, tokiraino kotxean ailegatzea, bertako jendearekin solasean aritzeko denbora falta eta guziaren aitzinean aberats sentitzea ez zen bidaiatzeko maite nuen era. Korapilo bat edo bertze motxilan sartu eta bueltatu ginen hirira, bertan izanen nuen soltatu eta digeritzeko astia.

Hiriko burrunbaren barrenean bilatu genituen arnasguneak, mendi puntarik ezean, birikak aire freskoz betetzen zituztenak. Karrikan postuak paratzeko eskubidea urratzen zieten artisauekin izaten genituen elkarrizketak, artea erosteagatik eskerrak hamar aldiz ematen zizkigutenak. Unibertsitateko ikasleek jantoki autogestionatua osatzen zuten azkenaldian ekonomiak jasandako prezio igoerak behartuta, baratzea hazi eta zainduz irtenbidea bilatzeko ardura hartuta. Bazkalondoko kafeak goxatzen zizkigun etxe azpiko arto irinen alfajor erraldoiak, irri zabal batez hartzen ninduen eskatu aitzinetik zer erosiko nuen zekien okin ohiak. Horiek eta bertze hamaika arrazoik bilakatu zuten kutsaduraz jositako aire berria aire on. Nola edo hala baimentzen ziguten hartzera arnasa sakon.

Denborak aitzinera egin ahala hasten da falta sumatzearen kontua, dudatan jartzeraino bertara joanaren hautua. Badira egun ilunak, baita grisak ere, eta badira eguna pasatzen uzten duzun egunak, bertzerik gabe. Ez dakizu ongi zer den horrela sentiarazten zaituena, finean dena duzu eta sobratzen zaizu dena. Agian etxe azpiko eskaleak hamarren bat izanen balu lasai egonen zen, kartoi puska batetik haratago zerbait lortuko zuen. Sentitzen zara lekuz kanpo, ziurgabe, pribilegiatu eta berekoi, baina janari eske hurbildu zaizun etxegabetu bakoitzari buruarekin ezetz egin diozu, ahots baxuan diozula «ez diezadala deus egin, otoi». Eta kontraesanez betetzen zaizu burua. Lagundu nahi duzu, baina ikara duzu, baina ez da jende gaiztoa, baina… agian ez da nire errua?

Argi nuen hiriaren handikeria zela zurrunbiloan sartzen ninduena, ganbarari bueltaka zebilela trafikoaren hotsik astunena. Mendira ihes egiteko beharrarekin batera, motxila hartu lepoan eta segi aitzinera, gozamenak hartu zuen nire barrena ostera. Azken hilabete eta erdian etxetik hagitz hurbil sentiarazi naute sukalde aunitzetako suek. Emateko deus ere ez izan eta dena eskaintzeko zenuten zuek. Eta ohartzen zara asetzen zaituena materiala ez den hori dela, naturarekin bat eginik gizakiak sortzen duen epela.

Goitiraino betea neraman motxilan gauza gehiago kabituko ez zirela uste nuen uztailean.

Hartutako guziaren ondotik, motxila itxi gabe ekartzea aukera bat dela ondorioztatu dut akabailan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun