Panorama bat

Burutik beheitiko eskaner bat eginen baligute zer harrapatuko genukeen zalantza sortu zait gaur.

Hausnarketa potoloetan sartu gabe, gure begiek etengabean eskanerrak egiten dituztela ohartu naiz ondotik. Azaleko eskaner bat. Goititik beheitikoa eta aldebikoa. Parez parekoa eta kristal gardenak erreflektatutakoa. Etxetik hasita, ispilu aitzinean ageri dena epaitzen hasten duzu eguna. Bizikideak dira hurrengoak, egunero ikusten diren gorputzak izanik, aldaketarik ez duzu nabaritzen. Bai, ordea, arropak gehiago edo gutxiago markatzen duenean. Eskailerak bajatu eta aspaldi ikusi gabeko bizilagunarekin topo egiterakoan, gerri bueltan agertu zaion flotadoreaz jabetzen zara. Eskerrak nik ez dudan horrelakorik pentsatzen duzu. Bere osasunarengatik diozula erraten duzu zure baitan, pentsatu duzun astakeria justifikatu nahian. Eta ez dut ergelkeria epaituko nik ere eginen baitut hau idatzi eta berehalakoan. Hain ditugu errotuak, non ideia horiei kontra egitea borroka kontsideratzen den, gorputzaren naturaltasuna ulertzea behar zukeenean.

Azken astean Madrilgo karrika nagusiak hartu dituen esaldi batek soluzioa omen dakar: bertze uda batez hondartzako panorama aldatzen lelopean (gazteleraz, noski). Talde aktibista batek argitaratutakoa izan zitekeela pentsatu nuen, zenbaiten jarrera aldaraziko duen kanpaina. Panoramaz aritzean gorputzaz ari zela konturatzean, flipatu egin nuen. Benetan oraindik ez dagoela horrelakoen aurkako zentsurarik? Non dago politika gorputzaren alde egin behar denean? Iragarkiaren webgunean sartu eta berehala zeuden ikusgai medikuntza estetikoak biltzen dituen alor guztiak: sabel murrizketak, baloi gastrikoak, liposukzioa, bularren areagotzea, abdominoplastia… Martxa honetan gorputzeko atal bakoitza erauzi eta gure gorputza josiko dugu. Natural dena lauso, eraikitako gorputz batean. Sortzetiko gorputza pribilegioa denean bere osotasunean.

Duela gutti bukatu dudan Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuan irakurri nuen larrutan egitean emakume aunitzek sabela barrenera sartzen dutela. Momentuan pentsaezina iruditu zitzaidan, gozamena behar lukeen momentuan aspiradora formatuan jardutea ezinezkoa zelakoan. Berehalako ideia burrunbak deuseztatu zidan pentsatutakoa. Bada, ileek, zimurrek, janari ez osasuntsuak, zelulitisak, titi bakarrak, orbainek, ipurdi eroriak, gorputz asimetrikoek eta abar luze batek ez baitute lekurik. Sartzen ahalegintzen diren sabel horien moduan, ez dute lekurik. Kanpoan beharrezkoa duten espazioa behar lukete. Agian bertzeen sabeletan sartuko dira orduan, begietatik barrenera. Zintzurrean arrotz izanen diren arren, erraietara heldu orduko goxatuko direnaren esperantzaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun