Urtean zehar izandako bizipenak otordu bateko solasaldira mugatzen ditugu, lau esalditan bizitzak izan dituen biren berri emanen dugulakoan. Norbere irudiak, ordea, badirudi informazio nahikoa ematen duela elkar ikusten dugun oren murritzetan. Argaldu denari berehalakoan jakinaraziko dio izebak «zer egin duzu horrelako tipoa izateko?» edo «ze guapa zauden» komentarioen pean goraipatuz. Loditu denari hasieran deus ere ez erran arren, osabaren ezpainak ardoz belztu orduko helduko dira «mejotu zara» hitz gordinak. Batak eta bertzeak euren haragitan gertatu denaren berririk ez balute bezala, badaezpada jakin dezaten.
Bikotekidearen afera bertze gai ohikotzat adieraziko nuke. Sekulako garrantzia omen du bikotekiderik izan edo ez jakiteak, maitasunaren adierazle bakarra bailitzan. Agian bikotekiderik ez duenak badu kanpotik sekula jasoko ez duen barne maitasunik. Aspaldian maitemindua egoteari utzi zionak bikotekidearen soka motzari eusten jarraitzen dion bitartean, hori delakoan izan dezakeen maitasun eredu bakarra. Honela, «baduzu mutilik?» galdera momenturen batean aditzea urteroko kontua da. Dudana eta ez dudanaren berri eman behar dudalakoan. Bikotekidea izan behar dudalakoan. Mutila izan behar delakoan. Nahiago nuke zer moduz nagoen galdetuko bazenit.
Eta ezin aipatu gabe utzi gastatzeko dugun bixka. Merkatuaren garestitzea ohiko prezioa bikoiztu arte igotzen den arren, stock-a agortu arte erosketak egiteari ekiten diogu. Finean, urtean behin da. Ez da hainbertzerakoa. Ez da hainbertzerakoa zakarretan bukatzen duen arrain eta haragi kantitatea, turroi erresto eta plastikozko bilgarriak, hautsitako kopak, jostailuak, berriak ordezkatu duen hamar aldiz erabilitako jertsea, erregalu-paperak, bizikleta zaharra (lehengusu txikiari ez diozulako emanen, Olentzerok zurea baino hobea den bat oparitu baitio) eta hain merke erositako abioi tiketak (garesti ingurugiroarentzat, enpresa handientzat xumetasunean lanean ari denarentzat).
Belaunaldi, ideologia, genero eta bizi ohitura desberdinak biltzen dira mahaiaren bueltan eta kontzeptu batzuen kontrajartzeak eraginen du eztabaida bat edo bertze. Desadostasunak normalak diren arren, beti berak amore ematea kasualitatea ez dela azpimarratu nahiko nuke. Eztabaidan ezezkoek eta baiezkoek pisu bera izan beharko luketelako. Ez da norgehiagoka. Ez dago irabazle eta galtzailearen beharrik. Iritziak elkarbanatu eta hauen elkarrekintzaz sorturiko ondorioa da helburua. Edo akaso bertatik sorturiko iritzi berri bat. Baina horretarako beharrezkoa da bi aldeetako balantza orekatua izatea, ulertua edo aditua sentitzen ez denik egon ez dadin. Irentsitako hitzek inor ito ez dezaten.