Zabor uholdea

Erabiltzailearen aurpegia Luis Garde Iriarte 2015ko mar. 31a, 12:31

Betidanik erran dut gure Nafarroako botere faktikoak honako hiru hauek direla: UPN, CAN, Osasuna. Gure ustezko identitatearen zutabe mugaezin, ordezkaezin, distiratsu (gure sakelei esker, noski).

Lehengo egunean telebista espainiarraren bigarren kanaleko literatura programa bat ikusteari ekin nion. Arturo Perez Reverte idazleari egiten ari zitzaien elkarrizketa bat, bere “Hombres buenos” izenburuko azken nobelaz hain zuzen. Inoiz ere ez dut irakurri idazle famatu haren nobela bat; haren iritzi artikuluak ere ez ditut gustukoak, are gutxiago nazionalismo espainiarraren aldarrikapenekin tematzen delarik. Revertek solasteko erabiltzen duen tonu mingotsa eta kritikoa, hala ere, erakargarri suertatzen zait. Kontua da, nobelaren izenburuaren harira, aurkezleak galdetu ziola idazleari: “Zu gizon ona zara?”. Idazleak ezetz erantzun: “Ez naiz gizon ona, baina jakin badakit bereizten gizon onak nor diren”. Aurkezleak idazleari zergatik ez duen ontzat jotzen bere burua. Eta idazleak erantzun: “Nik jada baditut begietan argazki txar sobera gizon ona izateko”. Erantzun ederra. Nire aldetik, Reverte ez bezala, ez naiz ibili hogei urte gerrako korrespontsal lana egiten, beraz ez dut paradarik izan hainbertze irudi txarra erretinetan metatzeko; baina aspaldi honetan iruditzen zait zenbat eta gehiago bazterretarat begiratu, orduan eta zaborra eta kaka gehiago sartzen zaidala begietatik. Eta ez naiz aipatzen ari gure erreken ertzak eta parkeen belarra (nahiz eta horiek ere...).

Betidanik erran dut gure Nafarroako botere faktikoak honako hiru hauek direla: UPN, CAN, Osasuna. Gure ustezko identitatearen zutabe mugaezin, ordezkaezin, distiratsu (gure sakelei esker, noski). Ez, gure “esentziak” haragiztatzen dituen futbol talde haren kontra ez nuke deus izanen, baldin eta politikariek (alderdi guztietakoek, honetan berdintsu) behartuko ez banindute futbolari haiek aberasten laguntzera.  Zaborraren uholdeak bai Osasuna bai CAN eraman ditu birziklatzerik ez dagoen hondakindegi batera. Oraindik ez ditugu ikusi afera horien azken kapitulu nazkagarriak. Nahiko nuke bi “entitate” horiek dominoko fitxak izatea, azkenean UPN lapur-haitzulo hura beurekin  zabortegira eraman dezaten. Ikusiko. Hori bai dela osasun kontua. Osasun demokratikoa.

Bitartean, eta oraingoan Reverterekin bat eginez, gizon ona izan ez arren, jakin badakit emakume eta gizon onak bereizten: ehuneko zero zabor ekoizten duen gizarte bat eraiki nahi duten horiek. Lasai eta pausuz pausu. Haiekin batera, zabor uholdeari eutsiko diogu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun