Konturatuko gara hizkuntza gizakion komunikatzeko sistema konplexu bat izatearekin batera, gure gizartearen eta kulturaren erakusleiho bat ere badela. Garai bakoitzeko beharrekin batera aldatzen doaz hizkera eta kontzeptuak, esaterako RAEk azkenekoz gehitu dituen hitz berrien artean criptomoneda, ciberacoso edota quinoa daude. Eta berriak sartzen diren heinean badira zaharkituak gelditzen direnak ere.
Duela egun gutxi «zure laguna armairutik atera da» esan zidatenean hasi nintzen ordura arte hamaika aldiz entzun izan dudan esaldi hura lehenengo aldiz entzun izanen banu bezala aztertzen. Bai al da ba inor «armairu barruan» jaiotzen denik? Esanen nuke bizitzan zehar gizarteak zurgin lan hori egin eta jende asko bultzatzen duela armairuetan ezkutatzera. Baina orientazio sexual guztiak normalizazio maila berdinetik tratatuz, armairurik gabeko mundu bat sortu dezakegu hizkeratik hasita. Gure hitz egiteko moduak errealitate bat islatzeaz gain, errealitatea bera eraikitzen lagunduko baitigu.