Petromaskulinitate terminoa da, hain zuzen ere, 2018an Clara Daggett-ek proposatua. Termino horrek lotura zuzena egiten du erregai fosiletan oinarritutako eredu energetikoaren, gaur egungo eredu kultural batzuen eta maskulinitate ereduaren artean. Gizon heterosexual zuriak dira egungo gizartean botere handiena dutenak eta errekuntzako autoa da euren boterearen adierazpen zuzena. Petrolioak eta gasak imajinario kolektibo bat eraikitzen lagundu dute, zeinetan gizonen indarra, kemena eta nagusitasuna euren autoaren edo motoaren diesel motorraren potentziari lotua dagoen.
Zentzu horretan, ez da harritzekoa sektore batzuek trantsizio energetikoak edo mugikortasun jasangarriak dakartzaten proposamenen kontrako jarrerak sustatzea. Azken finean, neurri horiek pertsona, eta batez ere, gizon batzuengan, beldurra sor dezakete euren posizio hegemonikoak galduko dituztelakoan. Horren aurrean, jarrera oldarkorrak garatzen hasi dira. Errate baterako, Estatu Batuetako toki batzuetan, rooling cool bezalako praktikak zabaltzen ari da. Gizon heterosexual zuri batzuk hasi dira, euren autoen motorra egokitzen kedar gehiago bota dezaten eta hau auto elektrikoetako gidarien, txirrindularien, oinezkoen edota protesta ekologisten aurka erabiltzen dute. Honela, euren burua berresten dute kotxeari eta erregai fosilen motorrari lotuta.
Motoa eta kotxea gurea bezalako landa eremuaren kulturan errotuak daude, eta ukaezina da maskulinitate eredu bati lotua daudela, 4x4 kotxeak edo motorrak gidatzen dituzten gehiengoa ez baitira preseski emakumeak* izaten. Zentzu honetan, Lesakako plazako loreontziak maskulinitate eredu horren aurkako neurritzat hartu litezke. Jada gizonek ezin dituzte nonahi eta nolanahi euren kotxetzarrak aparkatu. Norbait edo zerbait euren askatasuna, euren nagusitasuna eta espazioa okupatzeko eskubidea mugatzen ari zaie. Euren botere hegemonikoa mugatzen ari zaie. Horren kontra, oldartzea baino ez zaie gelditzen. Horregatik, zurrutari eman ondotik, loreontziei buelta ematen diete euren indarra eta gizontasuna frogatzeko. Euren maskulinitate iraindua berrezartzeko.
Lesakako loreontziek erakusten digute ekologismoaren eta feminismoaren arteko elkarlana ezinbertzekoa dela bizi dugun egungo krisiak irauli nahi baditugu. Bizi dugun gizarte heteropatriarkala amaitzeko, ezinbertzekoa da hau elikatzen duten erregai fosilak gure kulturaren zainetatik ateratzea.