Agroekologiaren aldeko lan publikoa

Erabiltzailearen aurpegia Lorea Flores Compains 2025eko abenduaren 27a

Bizi duinak izateko oinarrizko beharrak asetzea ezinbertzekoa da. Gizakien oinarrizko eskubideetan, bertzeak bertze, hezkuntza, elikadura, etxebizitza eta osasun arreta aipatzen dira. Gero eta gehiago, energia eskuragarri izatea ere eskubide bezala proposatzen da.

Dena dela, badakigu, eskubide diren horiek egungo sistemaren merkatu logikan sartzen direla, eta eskubide izatetik urruti gelditzen ari direla. Kasurik argiena etxebizitza-rena da, gazteek (eta ez hain gazteek) etxebizitza duinetara sarbidea izateko duten zailtasunarengatik. Euskal Herrian, zorionez, oraindik hezkuntza eta osasun sistema publikoak ditugu, nahiz eta hauetan ere pribatizaziorako joera handia den. Eta energia zer erranik ez, espekulaziorako baliabide bihurtua aspalditik. Energiaren kostu handiaren eraginez, gero eta pertsona gehiago daude pobrezia energetiko egoeran; Nafarroan, egun, 18.000 etxetan pairatzen dutela estimatzen da.

Krisi ekosozialarekin kezkatua gauden anitzek argi dugu gaur egungo eredua aldatu behar dela planetak dituen mugen barrenean bizi ahal izateko, eta etorkizuneko biziak duinak eta bizigarriak izan daitezen. Alde horretatik, interesgarria izan zen azaroaren 15ean Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarre kulturguneak antolatutako hitzaldia. Bertan, Jason Hickelek, unibertsitateko irakasle eta deshazkundearen defendatzaileak, azaldu zuen, trantsizio ekologikoa sustatzeko neurri berdeek neurri sozialak ere izan behar dutela porrot egin ez dezaten. Hau da, aldaketa klimatikoa edo biodibertsitate galera ekiditeko ezarritako neurriek langile klasea edo sektore pobretuenen beharrak ere kontuan hartu behar dituztela, edo bertzela, ez dutela arrakastarik izanen.

Hickelek bizi dugun egoerarentzako irtenbideen artean enplegu publikoaren bermea aipatu zuen. Proposamen horrek Estatua jartzen du lanpostu duinak eta egokiak sortzeko eragile gisa, gizarte onura berezia duten ekoizpen sektoreetan. Honela, estrategia egokia izanen litzake estatuak energia berriztagarriei edo etxeko efizientzia energetikoari lotutako enpleguak sortzea, hain zuzen ere hauek hain errentagarriak ez direnez merkatuarentzat ez direlako interesgarriak, nahiz eta sozialki eta inguruari begira hagitz garrantzitsuak izan.

Horretan pentsatuta, nekazaritzan eta abeltzaintzan jarri nuen fokua. Azken finean elikadura osasungarria oinarrizko eskubide bat da, baina badakigu egungo elikagaien ekoizpen eta kontsu-mo eredua guztiz kaltegarria dela, bai sozialki, bai ekonomikoki eta bai ingurugiroari dagokiola. Elikagaiak gero eta garestiagoak dira, lehen sektorea gainbeheran dago: gero eta abeltzain eta nekazari gutxiago eta prekarizatuagoak. Agroindustriaren eredua nagusitu ahala, Nafarroako lur eta urak gero eta kutsa-tuagoak ditugu. Bada, agroekologian oinarritutako nekazaritza eta abeltzaintzarako enplegu publikoen sorrera aldarrikatzen hasi beharko genuke? Abeltzain eta nekazarientzako baldintza duinagoak sortzeko potentziala luke eta Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza eredua eraldatzeko aukera ere izan zitekeen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun