Horrek erran nahi du NKEn azalera ia hirukoiztu egin dela bortz urteotan, Nafarroako lurraldearen ia % 24 hartuz. 2002tik NKE guneak zabalduz ari dira etengabe, egoera okerrera eginez. Argi dago, beraz, Nafarroako Gobernutik gai honetan hartutako neurriak ez direla eraginkorrak.
Hainbat urtez, Nafarroako boluntarioak nitratoen kontzentrazioen neurketak hartzen aritu dira lurralde osoan zehar. Hainbat aldiz saiatu dira erakunde ekologistak, auzo elkarteak edo eragindako udalak datu kezkagarri horiek Ingurumen Departamentuari helarazten. Hauek, ordea, sinesgarritasuna kendu diete herritarren neurketei behin eta berriz. Orain, dekretu berri horrek arrazoia eman dio ura analizatzen ibili den jende horri guztiari.
Abeltzaintza industriala nitrato iturri nagusietako bat izanda ere, azken lau urteotan, 22 abeltzaintza instalazio berri baimen-du dituzte, guztiak intentsiboan eta anitz NKE izendatutako eskualdeetan. Abeltzaintzaren industrializazioa, gainera, nekazaritzaren industrializazioarekin lotua dago, eta horrek arazoa larriagotu egiten du erabilitako ongarri ez-organiko kopuru izugarriengatik. Oroitu behar dugu Nafarroako nekazaritza lurren % 60 animaliak elikatzeko erabiltzen dela, eta ureztatutako nekazaritza eremuetan % 65 gehiago zabaldu direla nitratoarekin kutsatutako eremuak.
Arazo hori ikusita, Nafarroako Gobernuaren irtenbide nagusia biometanizazio plantak dira. Nafarroan bederatzi planta berri daude proiektatuta, lehendik dauden hiruekin bat eginen luketenak. Instalazio horiek abeltzaintzako mindak eta bertzelako industria hondakin organikoak biltzen dituzte, horiek prozesatzeko eta biogasa sortzeko. Karbonoz eta hidrogenoz osatutako metanoa erauzi ondotik, ia hondakin kopuru bera isurtzen da soroetara, nitrato karga murriztu gabe. Beraz, irtenbidea izatetik urruti, azpiegitura horiek hondakin organikoen agregazio puntu gisa jokatu ohi dute, kutsadura arazo larriak eraginez.
Nafarroak nekazaritza eta abeltzaintza eredua errotik eraldatu behar du. Horretarako, lehenik eta behin, ez litzateke baimendu behar abeltzaintzako ustiategi industrial berririk, ez eta lehendik daudenak handitzea ere. Gainera, abere-azienda murrizteko plan bat ezarri beharko litzateke, abere-zama ingurumen arazorik sortu gabe, gure lurraldeak eusteko duen gaitasunera egokitzeko. Premiazkoa da agroekologiaren eraldaketa bati ekitea, erdigunean paratuko dituena ingurumenaren zaintza eta nafarren elikagai kalitatea; tokian tokiko beharrei erantzunen diena eta merkatuaren logika alde batera utziko duena.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!