Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan maiz bi ekintza esparru aipatzen dira, bata klima aldaketa arintzea eta bertzea adaptazioa. Klima aldaketa arintzeaz ari garenean batez ere negutegi efektuko gasen murrizketaz ari gara eta hori lortzeko behar diren eraldaketez: erregai fosilen erabilera murriztea, kontsumoa murriztea, energia berriztagarrien alde egitea, mugikortasun eredua aldatzea… Maila lokalean neurriak hartu badaitezke ere, ekintza globala anitzez garrantzitsuagoa da arlo honetan. Zentzu horretan bereziki garrantzitsuak dira azaroan egin berri den mundu mailako klima gailurra bezalakoak. Aurtengoa ere, garrantzitsua bezain etsigarria izan da. Lortutako akordioa inoizko eskasenetakoa izan da, 1,5 ºC-ko tenperaturaren igoera gainditzeko puntuan gaudenean. Nafarroan ere, zer errana dugu, izan ere 2022an onartu zuten klima aldaketaren foru legea, baina geroztik Nafarroako Gobernua ez da ezarritakoa betetzen ari, eta ondorioz, Nafarroako Klimaren Aliantzak gobernua salatu du. Aitzinean dugunak itxura ona ez badu ere, borrokan segitu behar baitugu gobernuak eta enpresak presionatzen.
Adaptazioaz ari garenean, aldaketa klimatikoak ekarriko dituen inpaktuen ondorioetara egokitzeaz ari gara, kalte larrienak ekidin ahal izateko. Horretan garrantzia handia du ekosistema osasuntsuak edukitzeak, gure hiri eta herriak uholdeen, suteen edo bero boladen kontra prest edukitzea: gune berdeak areagotuz, ibaiei behar duten espazioa emanez, eraikinak uholde arriskua duten eremuetatik ateraz… Neurri hauek batez ere maila lokalean hartu beharrekoak dira. Leku batzuetan ja hasi dira itsas bazterreko pasealekuak kostaldetik erretiratzen, edo ibai bazterreko eraikinak eraisten. Nafarroan adaptaziorako planik ez dugu, eta beraz, administrazioak lehenbailehen egiteko zerbait litzateke.
Azkenik, emergentzia planez ari gaitezke. Larrialdi egoera ailegatzean, Valentzian gertatu bezala, aplikatu beharreko protokoloez eta planez. Gure eskualdean, agian egonen dira emergentzia planak, baina… Nork ezagutzen ditu? Nik berriki ezagutu nuen Lesakan uholdeei lotutakoa, herritarrei zuzendua, baina erranen nuke jende gehienak ez duela ezagutzen. Ezagutzen ditugu gure herriek dituzten planak? Ba ote dakigu nola jokatu horrelako larrialdi bat gertatzen denean? Serio hartzeko kontua da eta administrazioen lana da planak izan, baliabidez hornitzea eta herritarrei ezagutaraztea horrelako egoeratan modu egokienean jokatu dezagun, kalte larrienak ekiditeko. Nik erranen nuke, ez gaudela prest, eta anitz dagoela egiteko. Ekin diezaiogun.