Erronka handiak ditugu aitzinean eta argi dago egungo egoerara sistema kapitalista eta kontsumistak ekarri gaituela. Ados, egungo ekoizpen eta kontsumo eredua erabat aldatu behar dugu. Argi dago, trantsizio ekologiko % 100 berriztagarri baterako bidean, kontsumoa murriztu beharko dugula, eta badira eredu batzuk bizi duinak mantenduz, % 50eko murrizketa posibleko litzakeela diotenak. Kontsumoa murriztu gabe, ezin izanen dugu trantsiziorik egin. Argi dagoelako, egungo mailetan ezin dugula segitu. Planetaren bederatzi mugetatik dagoeneko sei gainditu baititugu. Kontua da, berriztagarri handirik gabe, kontsumo energetikoaren % 80ko murriztapenera joan beharko genukeela segur aski. Eta ez dakit gizartea prest ote dagoen kontsumo murrizketa hori asumitzeko, edota kontsumo maila horrekin, pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzen dituen gizarte justu bat eraikitzeko gai izanen ote ginatekeen.
Izan ere, trantsizioak justua izan behar badu, trantsizio horretan pertsona guztientzako bizi duina bermatzen dela segurtatu beharko genuke. Pertsona guztien oinarrizko beharrak estalita daudela ziurtatu (ipar zein hego globalean), planetaren mugak errespetatzen ditugun bitartean. Eta hori, ahal dela, bana bertzeko tenperatura 1,5ºC baino gehiago igo baino lehen.
Pena handia ematen dit, itxuraz bidelagun izan beharko genituzkeenen artean, eztabaida hagitz gaiztoa izaten ari dela ikusteak. Gainera, segur aski oinarrian % 90eko adostasuna dugunean. Okerrena da, gu eztabaidan korapilatuta gauden bitartean oligopolio energetikoak, eta batez ere erregai fosilei lotutako enpresak, lasai ederrean daudela inoizko onura ekonomikorik handienak lortuz eta trantsizioa euren modura moldatuz. Ezin dugu ahantzi CO2 emisioek eta etxeetako energia fakturek goiti egiten duten bezala, goiti egiten dutela Repsol, Naturgy eta antzekoen irabaziek. Eta gainera, diru publikoz hornitutako dirulaguntza ikaragarriak hartzen dituztela.
Momentu zailean gaude, zeinetan eraldaketa handi eta azkarrak behar ditugun. Eta zentzu horretan, aldaketak trantsizio ekologiko justura joan dadin, askitasunean oinarritua izanen dena eta ez gehiegizko kontsumoan, herri bezala adostasunetara ailegatzea komeni zaigula.
Has dezagun eztabaida zintzo bat, aurreiritzirik gabea. Lehenets ditzagun bizi duinak mantentzeko aski diren behar horiek, kalkulatu dezagun modu zintzoan zenbat murriztu beharko genuen kontsumoa. Eta egin dezagun bidea elkarrekin.