Lehenbiziko puntua baliabideen eskuragarritasunari lotutakoa zen. Izan ere, benetan baliabideak eskasagoak izanen dira etorkizunean? Dagoeneko ez al gara baliabideak hagitz gaizki erabiltzen ari? Hitzaldiaren aitzineko astean, Nafarroa hegoaldean abeltzaintza eta nekazaritzari lotutako ur kutsadura neurtzen aritu nintzen bertze lagun batzuekin. Topatutako egoera ikaragarria izan zen, batez ere Erriberan. Uste baino ur gehiago topatu genuen berez idorra den toki batean. Erreka, errekasto, ibai eta iturburuetan neurtu genituen nitratoak eta aurkitutako kutsadura maila ikaragarria izan zen. Duela 30 urte pertsonek edateko erabiltzen zuten ura gaur egun edangaitza da. Lur azpiko urak kutsatuta izanik orain herri horietako anitz, Itoitzetik datorren Nafarroako ubideko urarekin hornitzen dituzte. Honek zer erakutsi zigun, uraren baliabidea egon badagoela, lur azpian, altxor bat bezala gordeta. Baina, Nafarroako abeltzaintza eta nekazaritza ereduak batzuen onura ekonomikoak hobetsi dituenez, naturaren kontserbazioaren aitzinetik, lur azpiko altxor hori zapuztu egin dugu erabilgaitz bihurtuz.
Ekarri nuen bigarren puntua, beharren inguruan zen. Izan ere, etorkizunean zein dira estali beharko ditugun beharrak? Gaur egun ditugun «beharretako» anitz, segur aski sistema kapitalista kontsumista honek sortutakoak dira. Zentzu horretan, badira ikerketa batzuk Europa mailan trantsizio energetiko azkar eta justu bat nola egin aztertzen eta politika zehatzak proposatzen dabiltzanak. Ikerketa horietan hiru oinarri hartzen dituzte, energia berriztagarriak, efizientzia (baliabideak modu efizientean erabiltzeko) eta sufizientzia (nahikotasuna). Sufizientzia honek dioena da, bizidun guztien biziak sostengatzeko benetan beharrezkoak diren behar horiei eman behar zaiela lehentasuna, bertze guztiak alde batera utziz. Beraz, planifikazio egokiekin agian, baliabide gutiagorekin behar gutiago ase beharko ditugu.
Azkenik, elikadura burujabetzaren definizio bat oinarri hartuta bi kontu. Etorkizunean burujabetza jasangarri eta justuak eraiki nahi baditugu, elikagaiak, ura, energia… eskubide gisa hartu behar ditugu eta ez gaur egun bezala merkatuan salerosteko gai bezala. Bizi bizigarriak sostengatzeko oinarrizko baliabideen eskuragarritasuna eskubide izan behar du. Eta azkenik, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu. Gure antolakuntza, gure elikadura sistema, energia sistema nola izanen den erabakitzeko eskubidea berreskuratu behar dugu, baita horietan modu aktiboan parte hartzeko eskubidea, kontsumitzaile hutsetik agente aktibo izatera pasatzeko.