Pobreeneak pobreago eta aberatsenak aberatsago

Erabiltzailearen aurpegia Lorea Flores Compains 2023ko api. 15a, 11:30

Krisiak bata bertzearen gibeletik metatzen ari gara: Covid19aren osasun krisiari, Ukrainako gerrarenak segitu zion, eta ondotik, krisi energetikoa, materialen krisia edota azken aldiko inflazioa

Ezin dugu ahantzi aspalditik gainean dugun krisi klimatikoa ere. Horiek denak inpaktu zuzena izaten ari dira gizartearengan eta mundu mailako ekonomian, eta dudarik gabe, desberdinkeria areagotuz doa horrekin denarekin. Pobreago direnak gero eta pobreago dira, eta bitartean aberatsenak etengabe aberasten ari dira.

Jendartea gero eta estutuago dago. Pertsona anitzen bizi baldintzak okertu egin dira, hilabete amaierara beraien soldatekin ailegatzea gero eta zailago eginik. Elikagaiak goiti, energia goiti, hipotekak goiti… Baina guretzako prezioak eta gastuak goiti doazen abiadura berdinean, goiti doaz bankuen eta enpresa handien onurak.

2023 hasieratik, iazko urtean enpresa eta banku handien irabaziak argitaratuz joan dira. Espainiar estatuko banku nagusiek inoiz baino irabazi handiagoak izan zituzten. Berdin gertatzen da enpresa energetiko nagusiekin, Iberdrolak 2021ean baino % 12 gehiago irabazi zuen 2022an, Repsolek % 70 igo zituen bere irabaziak eta Naturgik % 36. Martxo erdialdean argitaratu dira Mercadonaren irabaziak, 718 milioi euro, aitzineko urtean baino % 5,6 gehiago.

Hartzen ditugun berrietan, badirudi, salneurriak goiti egitea ezin dela ekidin. Egoera eta merkatuaren ondorioz gertatzen den zerbait dela. Baina… Benetan gauzen balioa bada igotzen ari dena, krisi energetikoak, klimatikoak eta abarrek bulkatuta, nola liteke enpresak eta bankuek horrelako irabazietarako tarteak izatea? Ez al litzake justua enpresak beraiek beraien irabazi marjinak pixka bat estutu, horrela euren bezeroentzako «krisiaren» eragina murrizteko? Agian zientzia fikzioaz ari naiz. Izan ere, ezin dugu ahantzi, enpresa handi horiek, eta batez ere energetikoak, etengabe oztopoak paratzen dizkietela administrazioak egoera apaltzeko hartu nahi izan dituen neurri batzuei. Espainiar estatuak ezohiko irabaziez gain, banketxe eta enpresa energetikoei paratutako zerga errekurritu zuten Iberdrolak, Endesak eta EDPk.

Berriz ere agerian gelditzen da, hainbat arrazoirengatik eredu sozioekonomikoaren aldaketa bat behar dugula. Kapitalismoa mundu finitu batean, hazkunde mugagabea eta botere eta aberastasunaren metaketan oinarritzen da, eta gainera, diskriminazio mota guztien eskutik doa, patriarkatua, arrazismoa, kolonialismoa, naturaren suntsiketa… Norbaitek erran zuen errazagoa zela munduaren amaiera imajinatzea kapitalismoaren amaiera baino. Baina uste dut ez dugula bertze erremediorik bertze mundu batzuk imajinatzen hasteko eta horietara ailegatzeko alternatibak eraikitzen joateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun