Honek guztiak adierazten digu mugatik gero eta hurbilago gaudela. Lur planetan giza espeziearen biziraupena mantentzeko eta jasangarria izan ahal izateko mugatik alegia. Gainera, honetan guztian okerrena da, berez, jakin badakigula nola eman buelta egoera honi eta baditugula horretarako behar diren tresnak. Horrela adierazi zuen IPPCaren (Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea) presidenteak aurtengo apirilean, mundu osoko zientzialariek osatzen duten talde honek krisi klimatikoaren inguruko hirugarren txostena argitaratu ondotik. Txosten horrek berak adierazi zuen, diru aski badagoela arazoak konpontzeko, baina tamalez, finantziazio publikoa eta pribatua gehiago erabiltzen da erregai fosiletarako, krisi klimatikoa konpontzeko baino.
Eta honen aitzinean zer? Arazoaren larritasuna ikusirik, hainbat pertsonak jokatzeko modu ezberdina hartu dute. Badira negazionismoan bere tokia bilatu dutenak arazoaren larritasuna ukatuz. Bertze batzuei arazoak gainezka egin die, eta egoeraren txarrena ailegatzeko esperoan geldituko direnak edo ailegatu bitartean «bizitza bizi» nahi dutenak hor daude. Badira naturaren defentsan urteak daramatzatenak eta horretan segitzen dutenak ere, instituzio eta enpresen aitzinean presioa eginez gauzak alda daitezen. Eta ertzetan bada ere, badago jende anitz egungo sistemari alternatibak bilatzen eta eraikitzen ari dena.
Erranen nuke, azken horiek, alternatibak bilatu eta eraikitzen ari direnek, eta modu antolatuan aldarrikapenak egiten dabiltzanek badutela itxaropena. Gauzak hobeki egin ditzakegunaren eta mundu hobea eraiki dezakegunaren itxaropena. Agian, bada itxaropen horri heltzeko garaia. Etorkizun hobea imajinatuz, aldaketa bulkatzeko grina dugunon garaia. Gure Garaia!
Zu ere, irakurle, kezkatua bezain itxaropentsu bazaude, irailaren 30etik urriaren 2ra Portugaleten ospatuko diren ekotopaketetan parte hartzera gonbidatu nahi zaitut. Interesa izanez gero, aste honetan bertan, irailaren 23an Elizondon, Baztango Talde Ekosozialaren eskutik topaketa hauen inguruko aurkezpena izanen da. Egitarau oparoa duten topaketak dira, hainbat gairen inguruan hausnartzeko, ongi pasatzeko, eta Euskal Herriko ekologismoari lotutako marko komun bat eraikitzeko asmoa dute. Zatoz, azken krisia baino gehiago gure garaia dela aldarrikatzera!