Baina, Nafarroako mugikortasunean gutxi dago jasangarritik. Gure eskualdean garraio publiko zerbitzuak guztiz eskasak dira. Lesakatik, adibidez, Iruñera joateko autobus bakarra dago egunean, eta Donostiara doan linea, ez da Donostiara ailegatzen. Zerbitzu hau hobea ez izatearen arrazoietako bat erabiltzaile kopuru txikia omen da, baina zaila da erabiltzaileak igotzea, eskainitako zerbitzua ez bada erakargarria.
Bitartean etengabeak dira medioetan agertzen diren mezuak, administrazioetako kontzienziazio kanpainak kotxea gutxiago erabil dezagun. Horrek kontzientzia minimoa daukan edozeinengan eragin handia izan dezake. Hirietan gero eta gehiago dira bizikletaz edo oinez mugitzen direnak. Baina, herrietan bizi garenontzat hurbileko hiriburuetara joan behar dugunean, zaila da gure kontzientziak agintzen digunarekin bat egitea. Pertsonalki kontzientzia arazo handiak izaten ditut Iruñera kotxez joaten naizenean aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan lan egiteko.
Txanponaren bertze aldean Nafarroako Gobernua daukagu. Azken krisialdi honetatik suspertzeko planaren barnean, lurralde kohesiorako planak aurkeztu ditu milioika euroren inbertsioekin batera. Mugikortasunari eta lurralde kohesiorako inbertsiorako lerro nagusietan, hauek topatu ditugu: errepideak zabaltzeko, AHTarentzako edota auto elektrikoak sortzeko inbertsioak. AHTaren inguruan ez du merezi luzatzea, herrietan bizi garenok aspalditik baitakigu proiektu honek ez diola ditugun mugikortasun beharrei erantzunik emanen. Errepideetako inbertsioek zein auto elektrikoari dagozkionak, auto pribatuarekiko dugun dependentzia indartu baino ez dute eginen. Ereduaren aldaketa bat behar dugu, ez erabiltzen ditugun autoek erabiltzen duten energia iturriaren aldaketa sinple bat hainbat arrazoirengatik.
Mugikortasun eredu kolektiboek inpaktu gutxiago sortzen dute ingurugiroari dagokiola. Kutsadura gutxiago sortzen da, baina gainera materialen zein energiaren erabilera modu efizienteagoan egiten da. Baina gainera, ezin dugu ahantzi, gaur egun auto propioa gero eta gehiagok izan arren, pribilegio bat dela autoa izan eta mantendu ahal izatea. Pribilegio honek, bertze anitzek bezala, desberdin eragiten die pertsonei, genero, jatorri edo bizitokiaren arabera. Honen adierazle da gure eskualdeko autobusetan erabiltzaile nagusiak emakumeak direla; adin batetik gorako emakumeak edo etorkinak. Beraz mugikortasuna ere bada parekidetasun kontu bat. Aukera berdintasunen alde eta ingurumenaren alde beraz, guztiontzako mugikortasun eredu jasangarri bat behar dugu.