Auzo konpostari dagokionez, aukera bikaina ematen du, eskualdean bertan bildutako materia organikoa konpostatu eta berrerabiltzeko. Bortzirietan, etxean konposta egin ezin duten herritarrek auzo konposta erabiltzen dute beraien etxeetan sortutako hondakin organikoak konpostatzeko. Mankomunitateak honen jarraipena egiten du, eta prozesua amaitzean, bildutako konpost guztia mankomunitatean bildu eta erabiltzaileen artean banatzen da baratze edo lorategietan erabiltzeko. Ziklo osoa Bortzirietatik atera gabe osatzen da, eskualdean aberastasuna sortuz. Bai sortutako ongarriarengatik, baita prozesua egoki mantentzeko behar diren enpleguen sorrerarengatik. Prozesu guztiz zirkularra eta lokala da.
«Zaborrontzi marroian bildutako materia organikoak bidaia anitzez luzeagoa egiten du».
Zaborrontzi marroian bildutako materia organikoak, ordea, bidaia anitzez luzeagoa egiten du.
Materia organiko hau lehendabizi, Donezteben dagoen transferentzia planta batera eramaten da. Ondotik, bertan pilatutako guztia Tuteraraino eramaten da bertan dagoen biometanizazio planta batera. Hemen ikusten dugu lehen desberdintasuna: konpostagailuetan bildutakoa, eskualdean birziklatzen den bitartean, zaborrontzi marroikoak bidaia luzeak egiten ditu. Zentzu honetan, ezin dugu ahantzi garraioa negutegi efektuko gas isurketen iturri nagusietako bat dela. Eta beraz, gure ekintzak eta kudeaketa sistemak jasangarriago egiteko, alferrikako garraio guztiak ekidin beharko genituzkeela.
Baina gainera, Nafarroan ez dago konpostaje planta handirik, eskualde gutti batzuetan baino ez daude planta ttikiak eskualdeari zerbitzua ematen diotenak. Beraz guk sortutako materia organikoak biometanizazioa deritzon prozesu bat jasaten du Tuteran. Biometanizazioaren bidez, alde batetik gasa lortzen da. Hau erregai moduan erabiltzen da, berriz ere negutegi efektuko gasak sortuz. Bertze aldetik frakzio solido bat ongarri bezala erabili daitekeena. Baina, ongarri hau Tuteran sortzen da, gure hondakinak sortu ditugun tokitik urruti. Gainera, biometanizazio prozesuak ur anitz erabiltzea eskatzen du, eta horretarako, etxeetako hondakinei, ur araztegietatik edota bertze industrietatik datozen hondakin likidoagoak eta ura gehitzen zaizkie. Sortutako ongarria beraz, kalitate anitzez baxuagokoa da eskualdean konpostaje bidez lortutakoa baino.
Beraz, izenburuko galderara itzuliz, ez al litzake hobea berriz auzo konpostaren alde apustu egitea eta mankomunitateetatik, eskualdeko konpostaje planta baten alde egitea, gure hondakinak Tuteraraino bidali ordez?