Energia berriztagarriak

Bertze energia eredu bat behar dugu

Erabiltzailearen aurpegia Lorea Flores Compains 2020ko urr. 24a, 12:00

Azken aldian Nafarroan iskanbila handia sortzen ari da, martxan jarri nahi diren energia berriztagarriei lotutako hainbat proiekturen inguruan. Egia erran, hau sarri izan da gatazkarako gaia Nafarroan eta gure eskualdea ez dago afera honetatik salbu. Lesakan ere hainbat haize errota ezarri nahi dituztela jakin dugu. Gai korapilatsua da eta hainbat aldetatik begiratuz gero, irtenbidea ez dirudi erraza.

Ingurugiroaren aldetik, energia berriztagarriak erabat beharrezkoak dira klima aldaketaren ondorio latzenak pairatu nahi ez baditugu. Zientzialariek diotenez, 2030erako %100 energia berriztagarrietan oinarritutako sistema elektriko bat behar dugu eta 2050erako sistema energetiko osoa berriztagarri bihurtu. Nafarroan kontsumitzen dugun elektrizitatearen zati handi batek energia berriztagarrietan du jatorria dagoeneko. Baina, energiaren kontsumo totalari begiratuz gero, %20 baino ez da energia berriztagarrietan oinarritzen. EAEren kasuan egoera oraindik okerragoa da, energia berriztagarrien portzentajea %6koa baita. Beraz, honek adierazten digu, energia berriztagarrien sustapenean aitzinera egin behar dugula gure lurraldean klima aldaketari aitzin egin nahi badiogu.

«Energia berriztagarrien sustapenean aitzinera egin behar dugu baina aztertu behar dugu sustapen hau nola egin»

Hala ere, aztertu behar dugu sustapen hau nola egin. Izan ere, gaur egun hartutako bideak, batez ere enpresen proiektu handietan oinarrituak, desoreka handiak sor ditzake. Honelako parke handiek sor ditzaketen ingurumen kalteez gain, badauzkate alde sozialean ere eraginak. Sarri ez da kontutan hartzen alderdi hau eta, ingurumen kalteekin gertatzen ez den bezala, ez dago ongi araututa. Maiz, parkeek eragiten dituzten kalteak jasaten dituzten pertsonak, ez dira onuradun nagusiak izaten, desoreka handiak sortuz. Maila globalean energia berriztagarriek denentzat onurak dakartzatela (klima aldaketaren aurkako tresna ezinbertzekoak direlako) egia bada ere , maila lokalean zailagoa da ikusten. Maila lokalean parkeek sortutako «suntsipena» pairatzen dugu, eta «kanpoko» enpresen esku gelditzen dira onura ekonomiko handienak. 

Dena dela, ezin dugu proiektu hauen aurkako oposizio hutsean gelditu. Alternatibak bilatu behar ditugu. Bertzela, irudi dezake, kezkatzen diguna parke horiek gure etxean, gure inguruan, egitea dela, baina berdin izanen litzaigukeela bizilagunaren etxean, edo bertze nonbaiten egitea. Honen aitzinean norbanako bezala zein era antolatuan, sistema energetikoa eraldatzearen eta honetan gure parte-hartzea handiagoa izatearen alde borrokatu behar dugu. Energiaren autokontsumotik hasiz, gure etxeetan, ahal den heinean energia berriztagarrien instalazioak eginez, kooperatiba energetikoen bidez mundu horretan sartuz, edo instituzio eta indar politikoei egungo sistema energetikoaren eraldaketa eskatuz, hau ingurugiroarekiko orekan zein jendartearentzako justuagoa izan dadin. Hau da, herritar bezala, energia sisteman kontsumitzaile huts batzuk izateari uztea lortu behar dugu gure parte hartzea energia sistemaren arlo guztietara hedatuz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun