«Nahi dutelako etortzen dira hona, inork ez ditu behartzen», erran eta lasai gelditu zen gizona adin txikiko pertsona migratuez solas egitean. Galdetu nahiko nioke tipo horri ea berak «nahi duelako» hamabi urterekin bizitza oso bat gibelean utziko lukeen: etxea, familia, lagunak, usain ezagunak, jaiak, hitzak, norbera egiten duten elementuak. Ea gustuz pasatuko zuen muga, itsasoak edo estatuen mugek irents dezakeela jakinda ere. Eta bidaia hori egin ondotik, galdetuko nioke nola gustatuko litzaioken tratatua izatea (eta ez hartua, ez baita berdina): mesfidantzaz ala gizatasunez.
«Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak», kantatzen zuen Mikel Laboak. Eta hala izan ohi da adin txikiko gazte migratu anitzendako ere. Inork ez du sustraietatik libreki alde egiten. Inork ez du gustura uzten ama baten besarkada, lagunen algarak, haurtzaroko kaleak edo norberaren hizkuntza. Are gutiago hamabi urte bertzerik ez dituenak. Ez dut sinesten haur batek bere bizitza gustura uzten duenik. Inork ez du paradisua bilatzen; anitzetan, bizirik iraute hutsaren bila abiatzen dira. Eta bidean, anitzetan, ez dute soilik lur bat galtzen: haur izateko eskubidea ere galtzen dute.
Ez dut inoren izenean solastatu nahi, are gutiago aholku etiko edo moralak eman nahi, baina bai galderak ireki, hausnarketarako zirrikituak sortu. Garrantzitsua da gauzen horizontaltasuna: nondik solas egiten den, nori eta zertarako.
Ez gaude arrazismotik edo klasismotik salbu; Hortaz, hitza hartu edo ekin aitzinetik, geldi zaitez momentu batez: pentsa ezazu bi aldiz, eta dudan paratu hain sendo dituzun zure ziurtasunak, hau izanen baita aitzinera egiteko modu bakarra.