Garai batean, etxeetan egutegirik ez zenean (hori inbento berria da), gure aitzinekoek saindu eta amabirjinen egunen arabera antolatuak zituzten lanak: San Anton egunean aziendak bedeinkatu; salbatoreetan gereziak bildu; sanferminetan porruak landatu; Carmen egunean kalak moztu; bi amabirjinen artean kamamila bildu; sanmigeletan, berriz, gaztainak; San Martin egunaren inguruan zerria hil…
Gero, gizartea franko aldatu zen, eta nire gazte denboretan saindu eta amabirjinek zein herritako bestetara joan behar genuen adierazten zuten: Salbatore (Urdazubi eta Irurita); Corpus (Almandoz); San Joan (Arizkun), San Pedro (Erratzu eta Doneztebe); Santiago (Elizondo eta Elgorriaga); Andre Mari (Etxalar, Arantza, Zubieta, Oronoz, Amaiur, Zugarramurdi, Ainhoa, Azkaine…).
Uste nuen izen erlijioso horiek ahantziak zirela, baina ez dakit ba, Aita Sainduaren bisita, Rosaliaren kanta, Igandean filma, eta halakoak ikusirik, berriz ere modan jarriko direla ematen du.