Sagar kanta bat

Erabiltzailearen aurpegia Koro Irazoki Arburua 2025eko abenduaren 20a

Anana, meloia, eta kiwia ospetsu horien artean, non dugu galduta gure sagar xumea? Euskaldunen kulturan eta bizimoduan hain garrantzitsua izan dugun fruta hau, ez ote dugu baztertua? Euskaldunen bekatuak sagarretik sortzen zirela zioen Pierre De Lancre fanatiko hark.

Lapurdirat etorri eta izitu zen, bazterrak sagardiz beteta ikusita, sagar aunitz jaten genuela, eta sagarra edan ere egiten genuela! Pomeloa, marakuia, mangoa… Fruta dendako «izarrak» dira, baina ez dezagun ahantzi sagar zukuak itsas bidaietan egin zuen mirakulua: itsas gizon aunitz eskorbuto eritasunez hiltzen zen orduan, ez, berriz, euskaldun marinelak, hauek sagardoaren C bitaminarekin babestuak baitziren. Platanoa, laranja, mandarina… garai batean exotikoak eta luxuzko frutak ziren baina… gure sagar konpota edo sagar errearekin konparaziorik ez dute! Pentsa fruta hau zein estimatua den gure kulturan, sagar dantza bat ere baitaukagu. Goazen aldapeko sagarraren adarraren punta hartara eta kanta dezagun ozenki: txoria zegoen kantari… eta aupa Euskal Herriko sagarra!!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun