Ez dira denak berdinak

Erabiltzailearen aurpegia Koro Irazoki Arburua 2023ko uzt. 15a, 11:00

«Denak berdinak dira». Esaldi arrunta da politikariei zuzenduta. Eta zentzu batean egia da: edozein politikarik (zuk eta nik bezala) aise hartuko du bere alde opari bat (edo bi, edo hiru...). Baina egiten duten politika ez da berdina.

Batzuek lege aurrerakoiak onartuko dituzte (eutanasia, memoria historikoa, berdinen ezkontzak…), eta bertze batzuek lege horiek suntsitu. Batzuek lanbide arteko gutxieneko soldata 1.080 eurora eraman dute, eta bertze batzuek, enpresarien aginduz, diru hori jautsi. Batzuek ikasteko bekak, jubilazioak, mendekotasunerako laguntzak eta abar sustatuko dituzte, eta bertze batzuek behar ez diren aireportuak eraiki. Batzuk saiatuko dira osasun publikoa zaintzen, eta bertze batzuek ospitaleak pribatizatuko dituzte. Batzuek etxebizitza sozialak eraikiko dituzte, eta bertze batzuek lur publikoarekin espekulatuko dute etxebizitza garestiak saltzeko. Batzuek ortzadar bandera paratuko dute, eta bertze batzuek errabiaz kendu. Guregan eragina duten neurriak zeinek hartuko dituzten erabakiko da uztailaren 23an. Zeinek hartuko dute agintea?: «Batzuek» edo «Bertze batzuek»? Gure erabakia da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun