Gure dirua norat?

Erabiltzailearen aurpegia Koro Irazoki Arburua 2022ko mar. 19a, 08:30

Arropa polit bat ikusi zuen Interneten, arras prezio onean gainera, eta erosi zuen. Bertze behin kiroleko zapatilak behar zituela eta, online sekulako hauta ikusi eta hartu zituen. Irakurtzea maite du, eta liburuak saltzen dituzten bere gustuko plataformatik erosten ditu.

Amazon aunitz erabiltzen du, denetarik baitago, prezio merke-merkeak dituelako eta erositakoa laster bidaltzen dutelako. Baina lehengo egunean, a kontxo! Presaka gauza batez behartu zenean, herriko dendara joan zen, eta denda aspaldixkoan hetsia zutela jakin zuen. Bertze behin kirol-dendara hurbildu eta hura ere, ezin aitzinera egin, eta hetsi zutela erran zioten. Gauza bertsua gertatu zitzaion herrian zapata batzuk erosi nahi izan zituen batean, hura ere hetsia… eta gisa horretan konturatu zen herriko denda aunitzek pittaka-pittaka, herritarrek abandonaturik, hetsi behar izan zutela. Eta honela, bere dirua nori ematen zion garrantzitsua dela konturatu zen: ez dela gauza bera bere dirua kanpora bidaltzea, edo herrian uztea. Eta nahiz eta prezioak karioxeagoak izan, eta nahiz eta hauta ttikiagoa izan, bere dirua herrian uztea erabaki zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun