Igel baten komeriak

Erabiltzailearen aurpegia Koro Irazoki Arburua 2020ko abe. 13a, 12:00

Erreka bazter batean bizi zen igel bat hartu, eta esperimentu bat egin zuen zientzialari batek. Eltze haundi batean eman zuen igela, eta han eroso bizi ahal izateko behar zituenak paratu zizkion: ura, harri kozkor haundi bat, eta gosea kentzeko egunero euliak botatzen zizkion. Igela eroso bizi zen toki hartan, eta ahantzi zuen lehen erreka bazter batean bizi zela.

Eta orduan hasi zuen esperimentua gure gizonak: igela bizi zen eltzea su gainean eman zuen. Hasieran ura epeldu zen, eta igela orduan eta kontentago bizi zen ur-epel gozo hartan. Pixkanaka, tenperatura berotzen hasi zen, eta igela kezkatzen hasi zen, baina hala ere, jateko nahikoa bazuenez, eta oraindik eroso sentitzen zenez, ez zuen kasurik egin.

Tenperaturak goiti segitu zuen, igela ia ez zegoen batere eroso, eta eltzetik salto egitea pentsatzen hasi zen, baina beroarekin erdi tetelduta, eta euliz aseta zegoenez, beti biharamuneko uzten zuen eltzetik salto egitea.

Azkenik eltzeko egoera arras zail bihurtu zen, eta ederki larrituta, bere burua salbatzeko mugitzen hasi zen baina beranduegi zen... Eta eltzean egosita hil zen.

Eta esperimentu hau ikusita, argi gelditzen da nor garen igelak, eta nolako eltzean bizi garen...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun