Arras bistakoa da, hala ere, nik orain ozenki erranen dut: Nobel saria hartzeko meritu aunitz daukaten fenomeno batzuk baditugu Euskal Herrian. Pertsona horiek olerkiak egiten dizute, kantak konposatzen dituzte, filosofia ttanttak botatzen dituzte, eta umore kolpe politak sortzen dituzte. Baina meritoa ez da horretan bakarrik. Olerkiak, kantak, umorea edo filosofia edozeinek sortzen ahal ditu… Ez, ez. Meritoa bertze bat da: guzti hori dena batera egiten dutela, eta izugarri ongi egiten dutela, eta bapatean egiten dutela, eta milaka jenderen aintzinean egiten dutela! Horixe da, bai, asmatu duzue: bertsolariei buruz ari naiz. Hitzekin ia-ia magia egiten duten horiek (magoek txapel batetik lapin bat ateratzen duten gisan, hauek beren ahotik bitxiak botatzen dituzte). Hain fama haundia daukaten Nobel sariek, prestigio handiko lanak egiten dituzten pertsonak ezagutzera ematen dituzte. Zoritxarrez, bertsolariek egiten duten lana biltzen duen atalik ez daukate, beraz, Suediako Akademiari hauxe proposatzen diot: heldu den urterako Nobel sarien lehiaketan, bertze sari bat sortzea: bertsolaritzarako. Maialen Lujanbio txapeldun izan genuen. Ea laister Nobeldun ikusten dugun!
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.