Baina emakumea eta haserrea elkarrekin agertzen direnean, zigor soziala ere agertzen da; genero roletara bueltatzeko markajeak deitzen ditut nik. Horrela, maiz, nire moduak aitzakiatzat hartuta eztabaidagaia alde batera utzi eta nire haserrearen nolakotasuna eta nortasuna eztabaidagai bihurtzen saiatzen dira. Zuei ere pasatzen zaizue hau? Edo zuek ere egiten duzue hau?
Bada, hain ohikoa den kritika hau, botere posizio batetik egiten delarik, tonuaren fiskalizazioa da, eta ondorioz, botere abusu bat, solaskidea gutietsiz isilaraztea duena helburu.
Jarrera hau dutenak izendatzeko tonuaren poliziak terminoa asmatu zuten Estatu Batuetako feminista beltzek. Zapalkuntzak salatzerakoan zakarrak eta zaratatsuak direla aurpegiratzen diete eta horrela, zilegi diren salaketak itzalean uzten ahalegintzen dira gizon zuri pribilegiodunak.
Ez izan tonuaren polizia eta batu iraultza feministara!