Lizeotarrek, kokoteraino, ez dute betiko martxan segitu nahi. Ez, hobeki errana: «betiko martxa» segi ezina dela diote eta norbaitek entzuteko oihuka hasi dira. Txilen ere lizeotarrak izan ziren lehenak bizi ezina salatzen: haiei entzunda, herrialde osoa matxinatu zen. Gauzak ez daude duela 70 urte bezala, baina gauzak ongi ere ez daude eta badira eramangaitzak diren gauza anitz: Cornwell, udazken beroa, Palestina, gasolina, faxismoa, etxe gabezia, langabezia... Baina ez dut gauza penagarrien lista egin nahi. Holakotan, haserreak hartzen baitit gogoa eta amorruz galdetu nahi baitizuet noiz arte segituko dugun irabazleen legeekin jostatzen, jakinda hauekin beti galtzen dugula. Noiz arte sinetsiko «aski da!» erratean ez digutela kasurik egiten, ez garelako haien hizkuntzan mintzo?