Euskal Herrian jakina da, etxeak ematen dio izena pertsonari eta ez alderantziz. Hainbertze, non pertsona aunitz ezabatu baitu etxeak mapatik, etxegabeetatik hasita. Helmuga eta abiapuntu da etxea, biak aldi berean eta, aldi berean, ez bata ez bertzea osoki. Etxe berriek arima falta dutela erraten da maiz, eta etxe zaharrek mamu gehiegi. Bizi dena gehiegi badabil etxetik atera gabe, auzokoak kezkatzen ditu, eta gehiegi ateratzen bada, etxekoak. Eraikin berrietan, zapata kaxa berak pilaturik diseinatu dituzte hiritarren etxeak, etxe zaharretan ez da aski jenderik gela guziak biziarazteko. Paretek arnastu behar dute eta teilatuek babestu, baina maizegi minak gorde eta isiltzen dituzte. Eraikinik gabeko etxeak ere badaude: lekuak, pertsonak, animaliak, landareak, urak ere izan daitezke. Eta orobat garrantzitsua da oroitzea, mundua ere badela bertzeen etxe.