Baina apoa lapikoan ematean ura epel baldin bada, eta poliki-poliki berotzen badu, ohartu orduko beranduegi da apoarendako eta lapiko barnean irakinen du. Segidan jakin-mina: zer demontre pasatzen zaio norbait horri holako esperimentu torturatzaileetan denbora pasatzeko? Gero, apoaz jelosia: berak badu norat ihes egin, lapikotik at mundu zabal goxoa du esperoan. Baina gizakiok ez dugu mundu zabal goxorik esperoan, urtero pitta bat gehiago etengabe berotzen ari zaigun Lur planetatik at huts hotz iluna baizik ez dago. Sobera ez tristatzeko esperimentatzaile xelebrearengan ematen dut esperantza: animaliak erabiltzeko gogoa joanen zaio, haiekin bizitzeko manera goxoagoren bat asmatuko du. Edo lapikoarekin baketu eta apoarekin ihes eginen du. Eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan.