Minari lekua egiteko

Behin lagun bati erran nion min nuela, eta hark erantzun «egiozu lekua». Sutan jarrita erotzat hartu nuen, nola utzi lekua minari? Nola onartu zauria, gaizki egotea onartezina bada? Ahuldadea ohikotasunean sentitu nahi ez dena bada, nola egin lekua ahul sentiarazten duen minari?

Medikamentu pila baten helburu nagusia mina ez sentiaraztea izanda, lagunaren errana atzerakoia iduritzen hasi zitzaidan. Baina, ezin gogotik atera leku egite hori... Azken finean, mina ezin da hautatu: bere agerpenaren aitzinean, jarrerarik helduena onarpena litzateke orduan. Minaren onartzea, bere ondorioak asumitzea gorputzaren eta ingurumenaren baitan ez da, kontu horretan, ahuldade marka, indar marka baizik. Azken finean, zaurian behatza sartzen egon gabe bere horretan uztea, zauriarekin egin daitekeen hoberena da. Gisa horretan uzten baita gorputza elkarlanean, minari erantzuteko sendabidean. Indarra mina kanporatzeko edota isilarazteko erabiltzea nekagarria eta inutila da, eta ez du sendatzen. Indarra mina entzuteko eta entzunarazteko erabiltzen bada, sendatzearen lehen pausoak ematen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun