Ezin jakin nola usaintzen zaituen bertzeak ez hark zer darion, ezin jakin inguruan zerbait erretzen ari den, hozkailuan egun batzuk daramatzan plater hori jangarria den, ezin pertsona maiteen presentzia arnasarekin laztandu, ezin itsasoaren gaziak sudurra kitzikatu, ezin udaberriko ernaltzea biriketan nabaritu, ezin hainbertze gauza.
Zer litzateke bada usainik gabeko gastronomia? Eta natura? Eta izerdia bera, zer litzateke? Egoera deserosoa, mundu usaintsua inguruan duzula jakinagatik ez zenukeelako sumatuko: ezin bizi, hutsik sentituz partekatzen den usainen mundu sekretu eta intentsoa. Bizitzeko beharrezkoa den arnasketari estuki lotua den zentzumena desagertuta, ez dut uste osasuntsuagoak ginatekeenik. Lehenik eta behin, poesia faltan genukeelako: hau ez al da ba, Baudelairek zioen gisan, usainen lengoaia?