Arropa zikinaren beharra

Ez dakit zergatik, sinesten nuen bizi zoriontsua arazorik gabeko bizia zela. Gezur galanta.

Nire 21 urte guti hauetan zerbait ikasi badut, arazoekin bizi beharrean gaudela da. Ikasi dut arazoak arropa zikina direla, eta bizia, arropa zikinaren zakua. Zakua hutsik nahi duen hori izanen da malerusa, ez baitu ikusi nahi beti badela trapuren bat garbitzeko. Duela guti irakurri nuen gizakiaren baitan dagoela arazoei aterabideak atzematea: eta problemarik gabe ez dago aterabiderik. Soluzioak sortzea bada gure «gauza», arazoak beldurrez hartu beharrean gogotsu hartu beharko genituzke, geure baitan baitago hauetatik aterabidea atzematea. Obsesionatzeraino bizia errazten digula dioen mundu honetan, ordea, problemek ezinegon geroz eta haundiagoa sortzen dute. Hoberena, baina, arropa zikinaren zakua ez gainezka ez hutsik izaten saiatzea delakoan nago. Arazoen eta norberaren arteko elkarbizitza lantzen duena da zoriontsua, soilik oreka horretan ulertzen ahal baita biziaren gozamena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun