Gure hizkuntza ere aldatu da

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Urrotz Telletxea 2026ko uztailaren 12a

Noski, dena ari da beti aldatzen, baina ni, segur aski zoritxarrez, oroiminaren zale naiz, nostalgiaren zalea, alegia, maiz ari naiz atzera begira. Eta min pixka bat bederen ematen dit biziaren hasieran ezagutu nituen hainbat gauza aldatu eta desagertzen ari direlako.

Gure herri ttiki hauetan gauza aunitz aldatu dira 40 urteotan, baita mundu guzian ere, noski, baina gure hizkuntzari dagokionaz aipatuko dut zerbait.

Hasteko, uste dut mintzatzeko modua hizkuntza guzietan aldatu dela, alegia, gaur egun mintzaera pobreagoa eta traketsagoa dela egunerokotasunean, erabilpen arruntean.

Baina gurera mugatuz gero, badut uste, utzikeria hortaz gain, bertze zerbait ere badela. Baliteke erdararen eragina, edo beharbada mundua ikusteko eta gauzak adierazteko era ere aldatzea. Eta nik erranen nuke bertze kontu bat ere badela; aspaldixkotik «kontsentsua» dago euskara bizirik eustekotan, ahalik eta arlo gehienetara zabaltzea beharrezkoa dugula. Hala ere, gure hizkuntza, jatorriz, ez da akademikoa eta «kultua», herrikoia da, lurrari lotutako biziaren ikuspegiarekin bat egina. Eta akademia, zientzia, komunikabide eta abarretara zabaltze horretan, nik uste galdu duela jatorrizko lotura hori. Niretako hori zen gure hizkuntzaren xarma.

Zail egiten zait hau azaltzea, norbaitekin saiatu naizenean, berak ulertzen du gaztelerazko hitz aunitz sartzen ditugula erran nahi dudala, baina ez da hori. Nik erranen nuke hori dela guttiena.

Niretako, hizkuntzak kantu edo musika bezala dira, eta zerbait ikasi dudanean hala egin dut, «belarriz»; gramatika ulertu eta gogoan hartzea zail egiten zait. Eta nik uste dut gure euskararen doinua aldatu dela, gaur egun, ez garela orain dela 40 urte bezala mintzatzen.

Gogoan dut orain dela 30 urte inguru, Erriberako abertzale batek nola erran zidan haiek euskaraz egiten zutela gaztelerako hitzekin: «¡Un vino ponme!», erraten zutela. Baliteke… Nik ere, errate baterako, Ultzama aldean eta nabaritu dut: «Era de venir» (Etortzekoa zen), edo «No se fue para cuando quiso» (Ez zuen nahi orduko alde egin) erraten da, baita hemen ere gaztelerara jotzen dugunean ere.

«Baratzean egon naiz», dio norbaitek, eta nik erraten diot: «jarrita?». Eta bertzeak ez dit ulertu, lanean aritu bazara, «baratzean aritu» erraten genuen, ez «egon».

Orain berriz, nik uste, erdaraz egiten dugula euskarazko hitzekin. «Ez dira ongi eramaten» entzuten dut... Euskaraz ez al genuen «ez dute elkar ongi hartzen» erraten? Hor dago koxka. Ez da gauza bera eraman eta hartu, biziaren ikuspegi ezberdinak dira, hori da aldatu dena, mundua ez dugu gure gurasoek ikusten zuten bezala ikusten.

Eta horrelako adibide andana aipatuko nituzke, baina hemen ez dut tokirik. Gauza guziak omen dute bere bukaera, eta hala onartu beharko. Baina nik, gure hizkeran galdu dugun horrekin nahigabea nabaritzen dudala erran nahi nuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun