Polarizazio

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Urrotz Telletxea 2026ko otsailaren 8a

Nire azkeneko idatzian, iritziak defenditzearen lan hutsalaz aritu nintzen. Baina Espainiako Gobernuko presidenteak bezala, iritzia aldatu dut, eta bakarren bat defendituko dut.

Urtea indartsu hasi da, mundu mailako nahaste-borrasteei dagokienez behinik behin. Eta horretarako, barkatuko didazue Espainia eta munduko politika eta komunikabideetan aditu eta gertatutakoak hartzea adibide bezala, gure Euskal Herrian ere haiek baitira gure bizia mugatzen dutenak.

Espainiako jaki marka ezagun batek, bere eguberrietako iragarki luzean, polarizazioaren gaia aukeratu zuen eguberrietan aurkezteko. Ondotik, ezkerreko politikari txoro batek iragarki hori kritikatu zuen eta eguberrietako otorduetan, gure mahaikideren bat arrazista, matxista edo dena delako nazkagarria baldin bazen, aurpegira errateko xaxatu gintuen. Zertarako eguberrietan opatzen diren bake eta maitasun asmo hipokrita horiek? Hobe oihuka aritzea.

Urte hasierarako, Espainiako Gobernuak argi txoro bat erostera behartu gaitu, edo hobeki errana, txoroak bezala argi bat erostera behartu gaitu, hori bai, geolokalizatua, Anai Handiak non gabiltzan jakin nahi badu, lana errazteko.

Ze erranik ez potoloagoak diren kontuak eta denok ahotan darabilzkigunak. Estatu Batuek bertze behin euren etxetik kanpo muturra sartu dute, nork daki zein asmorekin. Bai, ematen du arduradun bakarra Trump abizena duen bertze txoro bat dela. Bera al da bakarra?

Frantziako presidenteak soldaduak bidali omen ditu Groenlandia babesteko. Alegia, NATOko kide den estatu batek, bere biztanleak bidali ditu bizia arriskatzera, NATOko burua den estatuaren kontra. Zer diok!

Bide batez, hagitz beharrezkoa zen Europak Rearm Europe programa sortzea, bertze errusiar txoro hartaz babesteko.

Espainiara itzuliz, bertze batek dio karrikak erre behar direla Espainiako Gobernuak etxebizitza alokatzeko salneurria igotzen ez duenari abantaila fiskalak emanen dizkiolako.

Eta horrelako ehunka txorakeria. Eta zer den gertakari horiek denak elkartzen dituena? Politikari arduragabe eta burugabeen ekintzak eta hitzak dira.

Espainiako telebista publikoan Urtezahar arratsean egiten den saio berezian, umoregile ezagun batek garbi aski azaldu zuen dena, baina iduri du, ez alde batekoek, ez bertzekoek ez dutela entelegatu.

Ohartu gaitezen behingoz, politikariei (goi mailakoei bederen) ez zaiela gizarte xumearen ongizatea axola, euren ongizate eta handikeria asetzea baizik, berdin dio zein koloretakoak diren. Eta horretarako, beharrezkoa dute polarizazioa, hori da euren elikadura, gu ergelak bezala gure artean elkar mokoka aritzea, batzuek txoro bati eta bertzeek bertze txoroari botoa emateko irrika pizteko.

Etsaia ez dugu lagun urkoa (lagun hURbileKOA), etsaiak politikariak ditugu. Bakea bedi zuekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun