Iritziak

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Urrotz Telletxea

Gibelera begira berriz ere, aspaldixkotik gogora etorri zait behin baino gehiagotan, gure atta zenak erraten zizkigun gauza horietako bat. Ez daukat gogoan arrunt hiztuna zenik gizona, baina orain iduritzen zait ez zela aunitz solastatzen bazekielako alferreko solasak denbora eta indarra galtzea izan daitezkeela.

Nire gaztaroan, hemen aipatu izan dudan «zerbaitetan sinesteko beharra» zela eta, Jaungoikoa alde batera utzi eta politikan sutsuki sinesten nuen garai hartan, behin baino gehiagotan erraten zigun atta zenak: «gizonak ez dik opionista izan behar». Ez dakit nondik atera zuen hitz hori, ez dut aurkitu inon ageri denik, baina bai opinionista italieraz eta opinionist ingelesez.

Deigarria iduritu zait ingelesezko definizioan hau dioela: «ikuspegi nagusiarekin bat ez datozen iritziak dituen pertsona». Ingelesez ote zekien gure attak? Nik dakidala, Frantzia iparraldeko muga izan zen urrutien joan zen lekua, eta mendi lanetara...

Ez nahiz arrunt ziur zer erran nahi zuen berak epai zorrotz horrekin. Nik garai hartan uste nuen hori erraten zigula bera beldur zelako egunen batean poliziak atxilotuko gintuela ideia politikoak defendatzeagatik. Baina nik kontra egiten nion, indartsu sinesten bainuen ideiak defendatu behar zirela, bertzela, zein da biziaren zentzua?

Berak segur aski beldur horrengatik zioen, baina gaur egun, ordea, neure buruari galde egiten diot ez ote zuen gure atta zenak, bere ezjakintasun akademiko guzian, bertze nolabaiteko jakinduriaren bat, sakonagoa, akaso berezkoa zuena, edo ingurua zorrozki aztertzearen ondorioa, eta hortaz, arrazoia ez ote zuen berak.

Aspaldixkotik neure buruari maiz erran diot ez ote nukeen hobe gauza guziei buruz iritzia eman behar hori alde batera uztea, baina hor segitzen dut, erretzea utzi nahi duela erraten duenak bezala, eta gero bertze zigarro bat pizten duenak bezala.

Konturatua bainaiz, azken finean, iritziak defendatzea kea defendatzea bezala dela, geure buruan dagoen gauza bat bertzerik ez. Noski, ideiak ekintza bihurtzen ahal dira, baina ez naiz hortaz ari, ekintzetara pasatu gabe gure artean iritziak defendatu nahizik eztabaida sutsuetan aritzeaz baizik. Alegia, gure iritziak, gure izate guzia bezain garrantzitsuak direla uste izatea eta defendatzen ez baditugu, dugun gauzarik baliotsuena kenduko baligute bezala jokatzea.

Uste dut defendatzea merezi duten gauza bakarrak gureak diren horiek direla, alegia, gure lurrak, etxeak, ondasunak, familia, umeak, maite ditugunak, eta abar.

Garai guzietan izan dira defendatzeko zailak izan diren iritziak, eta beharbada ez du merezi burutazioak bertzerik ez diren gauzetan alferrik indarra galtzea.

Gure atta zenak behar bada arrazoia zuen. Nik, hala ere, segur aski opinionist izaten segituko dut. Baina saiatuko naiz, bera bezala, alferreko solasetan indarrik ez galtzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun