Gizaseme horren begirada, azalekoa bezala ikus dezakegu, baina ni, zerbait haratago ba ote den nago. Alegia, bideo hori hartzeko, norbaitek ikusi zuen egoera horretan. Baina artzaina seguraski gehienetan bakarrik egoten da ardi bordan, eta gainerako egunetan, zer?
Artzainak irri murritz bat du, eta bildots inuzente horiek hatz antzu horietatik aterako ez den esnea bilatzen dutelako izanen dela uste dezakegu.
Baina, eszena hori ikusten duenak, lehendik ere holakoak hurbiletik ikusiak baditu, edo hurbiletik ez ezik, barrendik ere, sakonagoak eta beharbada berriak diren bertze dimentsioak ikus ditzake. Bildotsei begira ari den artzaina bera ere ohartu gabe, akaso. Edo auskalo, beharbada kontziente da, baina bere bihotzean dagoenaren berri berak bertze inork ez dakielako, bere barrenean gordetzen duen sekretua inork ikusten ez duelako, lasai dagoela ematen du.
Eszena hori ikusten dugunok izanen bagenu gizaseme horrek noizbait bizitu duen ezintasunagatik jasan dituen samintasun egoeren berri; gizonki jokatzen jakin ez duelako jasan dituen gutxiespenak. Nola ez zituen hartu, bere larruak eta entzumenak noizbait behar izan zituzten laztan eta hitz goxoak, etorriko ziren biziaren laztasunei aurre egiteko behar izanen zituenak, eta haien ordez hotza eta gogortasuna nola hartu zituen...
Nik badut uste badakidala zer sentitzen duten egoera horretan izan diren hainbat gizasemek, bordako xoko ilun horietan jarrita, atetik sartzen den argitik urruti samar, bere barnerako bidaia lasai egin ahal izateko tarte nahikorekin. Bere burutazio eta hausnarretan ari daiteke, artaldearen babesaz inguraturik, edozein arrotz sartuz gero, honek ilunpean deus ikusi orduko, hark nahiko asti izanen baitu bere bidaiatik isilik ateratzeko, bisitaria ohartu gabe: «Atta, non zara?». Isiltasunaren ondotik: «Hemen!».
Bildotsen ile goxoan, bere eskuko hatzak milizkatzen dituzten bildots haien mingainen berotasun hezean, hainbertze lan egin duten esku latz eta indartsu horiei ohorea adierazten dion aingeru koru horrekin… Artzainak, gizaseme artzainak, hortxe aurkitzen du atsekabez bilatu duen babeslekua, inon aurkitu ez duen bake hori, beharbada jakin gabe baino gehiago faltan hautetsi duena.
Berak, mundu horretan egon denak, eta auskalo, miresten duten bildots horiek bertzerik ez dute bere baitan gertatzen denaren berri, honezkero etsia hartua baitu inork ez diola horretan lagunduko, eta berak bakarrik egin beharreko bidaia duela.