Bertsio ofiziala

Idatzi hau argitaratzen denean, lau urte bete berriak izanen dira Covid-19a zela eta, larrialdi egoera ezarri zenetik. Urtemuga aprobetxatuko dut gai honetara itzultzeko, uste baitut gure askatasuna gogorki baldintzatzen duten gauzak gertatzen ari direla, eta gehiengoa ez dela ohartzen ari, edo bertzela, ni nabil buru berotua.

Orain dela 30 urte, Egin egunkaria irakurtzen nuen, batez ere komunikabide gehienek zabaltzen zuten bertsio ofizialetik kanpo gauza aunitz erraten zituelako. Irakurle kriteriodunak zen bere leloa, bertzelako ikuspegia nahi genuen batzuk. Alegia, guretako bakeroak ez ziren beti onak izaten, are gehiago, guretako indioak ziren onak. Bitxia, garai hartan fatxek agintzen zuten eta haiena zen bertsio ofiziala, orain progreek agintzen dute eta bertzerik dioena da fatxa eta negazionista.

Covidaren aitzinetik, oraindik baziren pandemien inguruan edo bertzelako gaietan iritzi alternatiboa ematen zutenak: industria farmazeutikoaren interesak zirela, AEBek mundua menperatu nahi zutela… Baina Covidaren ondotik, akabo, denek NATO, NBE (ONU), WEF eta abarrek errandako gauza bera errepikatzen dute. Hortaz, nik berriz ere informazioa bertze lekuetan bilatzen dut, ohartua naiz ez duela bertsio ofizialarekin bat egiten, eta behin baino gehiagotan kontra egin didate ingurukoek iritzi ezberdina emateagatik.

Bertze idatzi batean, guda hizkuntza berreskuratu zela nioen, beldurra gainetik kentzea ez zela erraza izanen… Orduan birusaren kontrako guda batean ginela ziotenek orain Errusiaren kontrako gudari ekin behar diogula diote. Ez dute beldur maila jautsi nahi, ez da Covida akitu: larrialdi klimatikoa, hurrengo pandemia, Errusiak Europa inbaditu nahi du, patriarkatua. Hori da bertsio ofiziala...

Pandemian gehiegizko neurriak hartu zirela badiozu edo txertoak ez zutela balio izan? Negazionista! Klima beti aldatu dela eta beharbada ez dela hain garbi gizakiaren eraginez denik? Negazionista! Trump presidente zenean Estatu Batuek ez zutela herrialderik inbaditu badiogu? Trumpista! Guttieneko soldata unibertsalaren alde ez nagoela? Kapitalista, fatxa! Eta holako gauza franko.

Ikusi al duzue Putini Tucker Carlsonek egin dion elkarrizketa? Zergatik ezin ditugu Errusiako komunikabideak ikusi hemen? Ez al da zientzialaririk klima aldaketaren bertsio ofiziala kuestionatzen duenik? Eta abar...

Niri zera iruditzen zait: lehen ez ginen erabat ziur nor zen oker zegoena edo arrazoia zuena, eta alde batekoak eta bertzekoak lehian aritzen ziren. Orain itxuraz badakigu zeinek duen arrazoia, politika zuzena defenditzen dutenak dira orain agintean, garai batean alternatiba zirenak, eta hortaz, orain ez dugu bertzerik entzuteko beharrik. Nik, hala ere, uste dut, beti bezala eliteek agintzen dutela, otsoek alegia, eta ipuinean bezala, amatxi goxo itxuraz mozorrotuak direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun