Aroak iraganez

Behin edo bertze irakurri edo entzuna dut bizia aroak gainditu edo iragatea dela, eta horixe egin dut nik ere, gauza ttiki batzuetan. Hasteko, hemen gainean ageri den nire argazkia aldatu dut, batek baino gehiagok erran didate gainera aldatzeko ordua dela, bertze aro batekoa baitzen, urte franko pasatu dira egin zidatenetik.

Bertze aro zabalago batez mintzatuko naiz honetakoan, 33 urte inguru iraun duena. Ez nuen gogoan, Felipe Gonzalezek aurreratu omen zituelako, nik 18 urte bete eta 18 egunen buruan egin ziren niretako lehenbiziko hauteskundeak. Segur aski, botoa emateko aierrik izanen nintzen, nire abertzaletasunaren hasiera sutsu garai hartan, gure herria askatzearen aldeko botoa emateko.

Erran bezala, 33 urte beranduago, aro hori gainditu dut, eta lehenbiziko aldiz, hala nahita, ez dut botorik eman igaro berri diren hauteskundetan. Garai hartan uste nuen gure hizkuntza eta kultura gordetzeko, nahitaezkoa zela gure herria Espainiar erasotzailearengandik askatzea eta independentzia lortzea. Hamarkada batzuk joan dira, eta independentzia hitza bera ere ez dugu entzuten honezkero.

Burujabetzarik ezean ere, uste nuen «gureak» ziren politikari batzuk ez zirela bertzeak bezalakoak eta horiek bai eginen zituztela gauzak txukun, zintzoki, mundu hobe baten alde, eta txoritxo batek erranaz gainera, beldur nintzen bezala, ohartu nintzen ez zirela hain ezberdinak, bizizale eta uste haundi samarrekoak baizik, alegia, mundua konpontzearen aitzakiaz euren egoa elikatzen zutenak.

Orain berriz, Espainiako Gobernuaren lehendakariak hala nahita, berari komeni zaiolako, berriz ere hauteskundeak bota dizkigu azpilara. Ondorioz gu, gixajoak bezala, berriz ere haien soinuarekin dantzan. Nire erabakia baieztatzen du horrek, alegia, ez dugula guk, herriak, agintzen, ez dugula guk erabakitzen zer nahi dugun edo komeni zaigun, jauntxo edo anderetxo politikari horiek baizik. Demokrazian boterea herriaren eskuetan omen dago, baina bistan da egiatan ez dela hori gertatzen. Edo guk erabaki al dugu noiz bozkatu eta nor diren hautagaiak? Zein errepide edo kiroldegi eraiki behar den? Zein lege bete behar ditugun, eta legea ez betetzeagatik ordaindu behar dugun isuna? Zenbat ordaindu behar dugun autoaren IATarengatik edo zenbat zerga ordaindu nahi ditugun?

Zer egiten dute agintariek azken finean? Adibide bat: Nafarroako Gobernuak 3.000 miloi euro zor ditu eta Espainiakoak 1.500.000 miloi. Denetara biztanle bakoitzeko 37.000 euro inguru tokatzen zaigu. Guretako gauza ederrak egiten omen dituzte, euren buruak luzitzeko, baina gure diruarekin eta guk ordaindu beharko dugun zorrarekin. Errana digute: «ez da miraria, zure zergak baizik».

Aukeratzen duguna da zeinek ezarriko digun lokarria lepoan eta ez nola bizi nahi dugun. Eta bozkatzeak sistema faltsu hau legitimatzen du, berandu bada ere, ohartu naiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun