Hau idaztean, Erroman egin berri dute munduko 20 herrialde haundienek bilkura, G20 alegia, gure kultura aspalditik baldintzatu duen erlijioaren egoitza nagusia dagoen tokian hain zuzen; zeinean Aita Saindua, munduko aberats eta boteretsuenekin batera agertzen ari den ustezko ama lurraren salbamenduan. Hasia izanen da Eskozian COP26 ere, agintarien elkarretaratzea, ustezko klima aldaketa ustez gelditzen saiatzeko.
15 urte inguru arte, mutiko zintzoa izaki, amatxi eta amaren eraginez, apaizaren sermoiak adi entzuten nituen, eta zalantzaren bat izanda ere, kristautasunaren dogmetan sinetsi beharra nuen; betiko biziari beldurra banion ere (bai oraindik ere).
Hortik aitzinera, luze aztertutako arrazoiak pilatuz, Jaungoikorik izatea ezinezkoa zela erabaki nuen eta gorrotoa ere landu ustez kristautasunak sortutako hainbertze madarikazioengatik. Politikan sutsuki sinesten hasi nintzen, benetako egia eta salbamena hori zela uste nuen.
20 bat urte geroago, nire bigarren edo hirugarren krisiaren ondotik, lur jo nuen, Jaungoikorik ez zen noski, laguntza eskatzeko, baina arrazoiak, politikak edo zientziak oraindik guttiago arintzen zuten nire mugagabeko nahigabea. 50 urte betetzeak bere alde ona ere badu, ari naiz mantso-mantso gauzak ulertzen, puzzlea osatzen.
Politika antzerki bat da, eta gehienok antzerkian sartzen gara, fikzio bat dela ohartu gabe. Are okerrago, fikzio horrek gure bizian eragina du. Munduko agintari eta boteredunek inoiz ez dute gogoan izan jende arruntaren ongizatea, zergatik behar lukete orain izan? Bitartean, guk, zenbaki bat bertzerik ez garenok, zerbaitetan sinesteko beharra dugula ikusten ari naiz, eta Jaungoikoa aspaldi samar hil genuenez, orain badugu erlijio berria, agintariek (kristauen Aita Sainduak ere bai) babesten dutena: «ama lurra arriskuan da gure erruz, eta Jainkosa balitz, bera babesteko, guk bere aitzinean belaunikatu behar dugu, eta mea culpa aitortu, garai batean bezala». Eta ukatzen duena «negazionista» da, herejea alegia.
Atomoek osatzen dute molekula, eta haiek ez dira haserretzen molekulak bere burua gehiagotzat duelakoan; molekulek ehunak osatzen dituztelako, eta ehunak organoak eta organoek gorputzak. Dena hierarkia da, eta hierarkia hausten denean, minbiziren zelulek bezala, sistema guzia erortzen da.
Ustekabeko heriotza lazgarriaren aitzinean, (berriki hurbilean ikusi dudan bezala) gure gainetik deus ez dela sinesten badugu, haserrea eta hutsarendako bertze tokirik ez da gelditzen, umezurtz sentitzen gara. Lurra ez da Jaungoikoa, lurrak gu eusten gaitu, eta gu bertze zerbaiten eusgarri izanen gara, baina ez dakigu zer eta nola, atomoak molekula izatea zer den ez dakien bezala. Horretan sinetsi nahi dut orain.